Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Pandemiakrazia

«Smartphone»-a  gure eskuetako protesi bihurtu zaigu; halako menpekotasun patologikoa dugu gailuarekiko, ezen kultuzko objektu bihurtu baitugu.

«Pandemiakrazia» dei diezaiokegun testuinguru honetan, gure uste, pentsamolde zein subjetibitateak transformatzen ari dira era azkarrean. Komunikatzeko, lan egiteko, bilkurak egin edo lagunekin egoteko gero eta gehiago erabiltzen ditugu sare sozialak, sakelakoak. Gure arteko harremanak birtualizatzen ari dira erabat eta kapitalismo numerikoa ere digitalizatzen doa, apurka jendartearen kontrol erabatekoa gauzatzen doalarik. Kapitalismo hori saretua da eta bere amaraunean gure barruraino, gure etxeraino edo gure intimitateraino sartzen da, armiarma bailitzan. Errealitate berri bat fabrikatzen doa.

Gailu digitalek eragindako birtualizazioarekin eta menpekotasunarekin, kapitalismo honen hortz zorrotzenak gure lepoan sentituko ditugu; izan ere, kapitalismo digitalak bere burua moldatzeko duen abilezia erakusteaz gain, pandemiakrazia hau indar erakustaldi berritu eta globalizatua da, armiarma hori amaraunean gure bizitzako txoko guztietara mugi dadin.

Han filosofo hegokorearrak dio mende hau ez dela bakteriala edo birala izango, neuronala baizik. Hiperkonektibitatearekin buru osasunean gertatuko diren kalteak handiak izango direla.

Pandemiakrazia honek frakasatu eta depresiboak sortuko ei ditu trumilka. Hiperneurotiko bihurturik, enpatiarik gabe eta besteak objektu bilakatuta, errealitatearen eta birtualaren arteko muga lausoagoa izango da aurrerantzean eta gizakion eta teknologia berrien arteko diferentzia ere desagertzen joango da apurka.

Smartphonea gure eskuetako protesi bihurtu zaigu; halako menpekotasun patologikoa dugu gailuarekiko, ezen kultuzko objektu bihurtu baitugu. Peluxezko hartzatxoa bailitzan, Hanen esanetan, babesa ematen digu goazen tokira goazela, amuleto modura gordetzen dugu, bestearekin konektatzeko zilbor-heste bihurtzeraino.

Agian ahaztuxe dugu Aristotelesek zioena, gizakiok ditugun gailu hoberenak gure eskuak direla. Pentsa dezagun zenbat gauza egiten ahal diren beraiekin eta txunditu egin gaitezke. Beraz, gailu berriek askeago egiten ote gaituzte?

Gero eta zalantza handiagoak ditut.

Bilatu