Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

«Panem et circenses»

Errusia txapelketatik kanpo utzi dute Ukraina inbaditu duelako, baina Iran, AEBak eta Israel, esaterako, eskubide osoz daude Munduko Txapelketa honetan

Kirola ez da politizatu behar»; Macron presidente frantziarrak esana da Qatarreko Munduko Txapelketaren atarian. Baina kirolak, eta gizonezkoen eliteko futbolak batez ere, geopolitikaren itxura gehiago dauka, baloi baten atzetik  hogeita bi kirolari korrika ibiltzetik baino. Eliteko gizonezkoen futbola futbola baino zerbait gehiago da. Duela hamar urte Sarkozy presidente ohiak eta orduko FIFAko presidente Platinik eragin handia izan dute Munduko Txapelketa hau Qatarren jokatu ahal izan zedin. Bestalde, Errusia txapelketatik kanpo utzi dute Ukraina inbaditu duelako, baina Iran, AEBak eta Israel, esaterako, eskubide osoz daudeMunduko Txapelketa honetan. Txapelketa hau antolatu ahal izateko izan diren hildako langileen kopuruak eta herrialdean diren eskubide urraketek ere ez diete kontzientzia txikienik piztu antolatzaileei –Infantino FIFAko presidentea itxurak egiten saiatu arren–. Dirua ematen duen eskuari ezin zaio kosk egin, amigo. «Business is business». Dirua, bestaldera begiratzearen truke, Qatarrek eskuadratik sartu duen gol politikorik handiena izan da. Baina hori bai, kirola ez dela politizatu behar saltzen digute gero.

Egungo gizonezkoen eliteko futbola kapitalismoaren islarik agerikoena da, masa fenomeno bilakaturik ustelkeriaren, eroskeriaren eta diru hotsaren jopu bihurtu da. Futbolari ezagunen XXL soldatak, alde batetik, eta klubetako jabeek, iragarki-enpresek eta enparauek, bestetik, erakusten dute, Marxek esango lukeen legez, prozesu ekonomikoak dituen ezaugarri sozial baten bitartez, irabazien ezaugarri pribatuak erdiesten direla. Hau da, dirutza gutxi batzuen eskuetan gelditzen da. Eliteko futbola kapitalismoa birsortzeko makineria ezin hobea da. Behiala Erromako koliseoan legez ogia eta zirkua eskaintzen digu, beste bizitzarik ez balego bezala, barruak hustu eta, gorputzaldi txarragoarekin edo hobeagoarekin, biharamunean burumakur lantokira joateko.

Harritzekoa da gol batek zenbat miseria, moral bikoitz eta hipokrisia ezkutatzen duen baloi itxura duen mundu mundial honetan.

Bilatu