Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Zapata zolan harri koskor baten gisan

«Miñan» liburuko Ibrahima Balde ginearrak anaia txikiaren bila jasan behar izan dituen egarri, gose, min, tortura eta beldurrarekin oroitu naiz. Eta zenbat horrelako. Eta zenbat aldiz. Eta noiz arte.

Batzuetan –hots, gehienetan– irensten zailak diren irudi eta gertaerak ikusten ditugu hedabideetan. Pandemiarekin lotuta, Frantzian ospitaleetako egoera nekagarriak eragindako erizainen suizidioak (moralki hautsiak daudela diote) Israelen suntsitzeko botere erabatekoarekin nahastu dira (Siria jada desagertu da lehen lerrotik), eta beste behin Gernika berritu baten hondamendia ikusi dugu palestinarren artean. Lur gainean infernua. Sarraskiek ez dute inoiz preskribatzen. Baina oportunistak presaka abiatzen dira hedabideetara Israelen aldeko apologia egitera, Manuel Valls lehen ministro ohi «exiliatu» eta berriro «aberriratuak» (Bartzelona bihotzean baina aberritzat Frantzia duenak) egin duen bezala. «Israelek existitzeko eskubidea du» edo «Israeli erasotzen dionak guri ere erasotzen digu» eta halakoak idatzi ditu beste hainbatekin batera “Le Figaro”-ko orrialdeetan.

Ziur frantziar Armadako jeneral ohiek ere (gehienak Marine Le Penen hurbilekoak) bat egiten dutela Valls eta enparauekin, hautsak harrotu dituen idazki bat atera baitzuten komunitarismoa eta arraza zein deskolonizazio teoriak gailentzen ari direla salatuz. Soldaduska berrezartzearen alde egiten dute, eta, aldirietan Errepublika bere territorioak galtzeko arriskuan denez, kontuz ibiltzeko mehatxua egin dute, behar izanez gero gertu direlako ordena errepublikanoa ezartzeko. Gerra zibilaren atarian legoke Frantzia.

Eta horretan ginela iritsi zaizkigu Ceutako eta Melillako gertaerak. Historia berriro errepikaturik. Tarajal izaten ahal zelako Rio Grande, Lesbos, Lampedusa edo Bidasoa. Berriro ikusi ditugu muturreko larrialdiak eta “Miñan” liburuko Ibrahima Balde ginearrak anaia txikiaren bila jasan behar izan dituen egarri, gose, min, tortura eta beldurrarekin oroitu naiz. Eta zenbat horrelako. Eta zenbat aldiz. Eta noiz arte. Okagarria da nekropolitika hiltzaile hau.

Zinez min ematen dit zapata zolan harri koskor baten gisan daukadan mundu honek.

Bilatu