Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Zehar-galderak

Diktadore handiak, Charloten film entzutetsuan bezala, globo baten antzera  darabil mundua bere eskuetan. Denak ipurdia musukatzen jarri ditu muga-zergekin, eta airean usnatzen den belizismoarekin bat eginez, zer gerta ere, biziraupenerako kit-a prestatzeko dei egin digute Europako Batzordetik. Baina kit ideologikoa da, batez ere. “Europak gerra hau irabazi beharra du”, diote gerraren aldeko apostoluek. “Gerraren pedagogia egin beharra” darabilte ahobizarrik gabe. Etsaia zitala da. Zoru etikoak ahaztuta, gu ere “zorteko” gara nonbait, lehendakariaren aburuz euskal industriak “armagintzarako” aukera hori aprobetxatu behar duelako. “Jaungoikoa eta lege zaharraren”-ren alderdian ez al dago bosgarren manamendua betearazteko barne araudirik? Armagintzak plusbalioa sortzen du, alarma sortzeak otzandu egiten gaitu, beldurrak habia egiten du burmuinean. Keynesianismo militarra balioen kategorizazio eta dimentsio emozional guztien gainetik dago. Inperialismo militar zein ideologiko-erlijiosoak bere esanetara jarri nahi gaitu. Trumpek muga-zergekin bezala, “basailutza zoriontsua” lortu nahi du.

Historia errepikatu egiten zela zioen Marxek, lehenik tragedia moduan eta gero fartsa gisa. Militarismoak ez duela ez bakerik, ez distentsiorik ekarriko, gerrara gehiago hurbilduko gaituela diote “Europa martziala, bonba antisoziala” artikuluan F. Lebaron eta P. Rimbert soziologoek. Historia bera fase terminalean legoke, Christian Godinen ahotan. Joseph Prudhon anarkista parafraseatuz esan genezake kanoien puntan lortutako bakea hilerrietako bakea izango dela.

Hiroshimara bonba nuklearra bota ondoren “Enola Gay” hegazkineko kopilotuak “Jainkoarren, zer egin dugu?” oihukatu omen zuen. Bada, ez ote dugun ezer ikasi pentsaka nago. Etorkizuna kantzelatzeko atakan ote gauden. Gerra ote den bakearen ifrentzua. Zergatik ez duten galderek nik nahi nukeen erantzunik ekartzen. Zenbat Gaza sartzen diren zauri bakoitzean.

Gauzak horrela, utopiaz hitz egitea oraindik posible ote den galdetzen dut.

Bilatu