Iñaki  Soto
Iñaki Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Denok gara Nacho Vigalondo

Twitter deabruak kargatzen duen arma da. Eta pistola honen bolbora gizakiaren behe-pasioak dira. Alkoholak eta bestelako drogek detonagailu gisa funtzionatzen dute, zalantzarik gabe.

Ez dakit PSEko idazkari nagusiak, Jose Antonio Pastorrek, bere selekzioaren garaipena ospatzeko txanpaina edo El Gaitero sagardoa edan ote zuen –edo batere ez–, baina euforiak bultzatuta tarte batez sen ona galdu zuela nabarmena da. Aurretik Espainia-Frantzia lehian bere alderdikide Elena Valencianori gertatutakoa kontuan hartu ez eta, Espainiak Portugali irabazi ondoren, bere Twitter kontuan (@JoseanPastor) benetan pentsatzen duena argitaratzen hasi zen. Valencianok ez bezala, berak ez zuen barkamenik eskatu.



Zenbaitek gaizki hartu dute Pastorrek espainiar sentitu ez eta finalean bere arerioa animatuko dugunok «konplexudun» deitzea. Nire lankide Mikel Jauregiri, adibidez, harrotasuna piztu zaio eta artikulu polita idatzi du.

Niri Iñigo Urkulluren nortasuna erabiltzen duen troll baten mezuak berbidaltzea are larriagoa iruditzen zait. Izan ere, arerio politikoak izan arren, elkar ezagutzen dute eta antzeko zirkuluetan mugitzen dira, norbera bere aldetik bada ere. Hartara, lehenago edo beranduago parez pare aurkituko dira eta, Gaiteroak belarrira bere soinu magikoa xuxurlatzen ez dionean, Pastor erabat lotsatu egingo dela imajinatzen dut. (Agian inozoa naiz, eta lotsagabe hutsa da; baina ez dut uste norbait hain lotsagabea izan daitekeenik). Agian guri ez, baina Urkulluri barkamena eskatu beharko diola pentsatzen dut.

Nolanahi ere, nik neuk Pastorren mezuaren berri herriko festetan izan nuen, ordu txikitan, egunpasa zoragarri baten ostean etxeratzerakoan, eta ondorioz ez nuen amorrurik sentitu, baizik eta lastima. Izan ere, nire inguruko askok gaua twitteatzen pasatu zuten, «nachovigalondorena egiten». Autokontrol handia behar da edanda zaudela ergelkeriarik ez esateko. Tentazioa handia da eta, zenbait kasutan, Twitterrekiko dependentzia ere handia bada. Drogarik gabe ere, plazeboak berak burua galtzera eraman zaitzake, baita aldez aurretik burugabea bazara ere.

Hau guztia ikusita, Twitterrerako app bat proposatzen dut: ateratzen zarenean edo aipatutako behe-pasioek menpera zaitzaketenean, «Nacho Vigalondo Mode» delakoa jartzen duzu eta, era horretan, nahi beste idatzi dezakezu baina zure mezua argitaratu gabe. Askoz hobe modu hori lagunek aktibatu badezakete. Agian honezkero existitzen da. Honela bada, horko komertzialek prentsa arduradunei abantaila handiak dituen tresna hau saltzen lana badute.

Josean, lasai eta animo, onenak irabaz dezala. Eta orain ez naiz ari igandeko partidaz, baizik eta unionisten eta independentisten artekoaz, izan ere, guztiok garela Nacho Vigalondo erakusteaz gain, guztiok garela nazionalista argi utzi duzu, nazio desberdineko kide bagara ere. Esan bezala, zuen eta gure arteko partida martxan da eta ez da Twitter bidez izango, kaletan emango da. Eta Bielsak futbolaz esaten duena parafraseatuz, politika hain da interesgarria boteretsuek beti irabazten ez dutelako.

Bilatu