Nikole Ziarrusta
Nikole Ziarrusta

50 urteren ondoren gehiengoen artikulazioan

Pasa den abuztuan heldu zen zinemetara “La gran ambicion” filmaren gaztelerazko bertsioa. Enrico Berlinguer du protagonista, Italiako Alderdi Komunistako buruzagi ezagunenetakoa. Ez da haren biografia bat; izan ere, kontakizunaren erdigunean alderdiaren garai zehatz bateko erronkak eta ekinbideak daude. 1973-1978 artean izugarrizko arrakasta izan zuten komunistek, bi milioi afiliatu izatera heldu zelarik alderdia.

Zuzendariak, Andrea Segrek, filma egiteko bi arrazoi nagusi aipatu ditu: batetik, Italiaren historiako urte garrantzitsu haiek kontatu beharra dagoela dio. Bestetik, Berlinguerren analisietarako erremintek egungo munduari erantzuteko duten gaitasuna mahaigaineratzeari berebiziko   deritzo, demokrazia eta parte hartze politikoaren auzian jarriz begirada.

Ez dizuet pelikularen amaieraren spoilerrik egingo. Baina benetako gertakizuna izateaz gain, oso iradokitzailea da aukeratutako amaiera. Hemen utziko dut gaia, eta zutabearen azken lerroetan berrartuko dugu Berlinguer.

Euskal Herrira bueltatu nahi dut. A zer nolako astea. Francisco Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurrena izan da azaroaren 20 hau. Baita Santi Brouard eta Josu Muguruzaren erailketen 41. eta 36. urteurrenak ere. Santi eta Josu ezker abertzaleko militanteak ziren. Santi HASIko lehendakaria izan zen, eta Herri Batasunako mahai nazionaleko kidea. Josu “Egin” egunkariko korrespontsala eta Herri Batasunako diputatua. Biak, ustezko trantsizio demokratikoaren ostean estatu terrorismoak erailak.

Francoren heriotzaz geroztik mende erdi, beraz. Tartean gauza asko gertatu dira, baina mende erdi igarota, lurperatu nahi zuten ezker independentismoaren taupada hegemoniaren lehian ari da, dauden aukerak probestu eta berriak etengabe sortzeko konbikzioarekin. Berlinguerrekin ariketa bat partekatzen dela iruditu zait: Gehiengoen artikulazioa eraldaketa sozialaren norabidean eta akordio zabalen estrategikotasunaren kontzientzia.

Bilatu