Espainia eta Frantziako banderak gure pantailetan
Asteon Googleko bilatzailea espainiar eta frantziar banderaz jantzi zaigu. Hego Euskal Herriko herritarroi gorri-horiz agertu zaigu Doodle izeneko animazioa. Ipar Euskal Herriko herritarrei zuri-urdinez. Mundiala bertan da eta, honekin batera, asimilazio nazionalerako ariketa erraldoia. Euskal Herriari ofizialtasuna ukatzen dioten bitartean, espainiar eta frantziar selekzioen gorazarrea bultzatzen da.
Googlek egin duenari glokalizazioa deitzen zaio: multinazional handiek nazio-estatuetako iruditeria eta erreferentziak erabiltzen dituzte jendartearekin konektatu eta gehiago saltzeko. Iruditeria kolektiboen garrantziaz ondo jabetu dira enpresa handiak, maiz ezkerreko hainbat sektorek egiten duten baino gehiago.
Naziotasun sentimenduaren auzia konplexua bezain interesgarria da. Nazio identitatea nondik eta nortzuek sortzen duten, zertarako erabiltzen den eta nola bizi dugun dira auzi honi loturiko galdera garrantzitsuak. Gogoan dut “Erria” aldizkariak nazionalismo hutsal edo banalaren inguruko gogoeta bat argitaratu zuela behin. Euskal Herriari «el norte» deitzea, hispanitatearen eguna ospatzea edo «la roja» animatzea nazionalismo hutsal horren adibideak lirateke Hego Euskal Herrian.
Hurrengo galderari erantzunak bilatzen zizkion artikuluak: nazionalismo hutsala kohesio sozialerako edo zapalkuntzarako erreminta da? Bada, biak izan daitezkeela argudiatzen zuen. Nazionalismo mota hau ezkutukoa eta egunerokoa da. Ez du identitate nazional baten aldeko diskurtso esplizitua egiten, kontrara, ohituretan, herri kulturan, ikus-entzunezkoetan eta hizkuntzan errotuta dago. Hain zuzen, horregatik da horren eraginkorra. Komunitateak sortzeko edo desagerrarazteko gaitasuna du (bigarren hau egiten du estaturik gabeko nazioetan).
Beraz, ohartu gaitezen honetaz, datozen asteetan egon litezkeen gol ospakizunen bueltan.
