Nikole Ziarrusta
Nikole Ziarrusta

Zer ote totalitarismoa?

Gazteok «jokabide eta jarrera totalitarioak» ditugula esan du Bingen Zupiriak aste honetan. Pentsa genezake erreakzio matxistaz ari dela, transfobiaz edo portaera xenofoboez, baina errealitatea bestelakoa da. Segurtasun Saileko arduradunak, besteak beste, Palestinaren edo antiespainolismoaren aldeko zalapartei egin die erreferentzia, eta borroka horiek kokatu ditu totalitarismo horren erakusgarri gisa. Bada, beste behin, faxismoa eta antifaxismoa berdintzen saiatu dira jeltzaleak. Noraeza edo memoria kolektiborik eza dela pentsa genezake, baina taktika da. Bide luzerik opa ezin dakioken taktika diskurtsibo eta elektorala.

Kriminalizazio kanpaina hauspotzen ari direnei galdera bat egin nahi diet: zer nolako gazteria espero duzue? Akaso, nahiago zenukete gutxieneko soldata propio baten aldeko borrokan izerdirik botako ez duen gazteria, genozidio betean gehiegi kexatuko ez dena, euskararen geldialdia salatzeko kaleak beteko ez dituen ikasleria, eta finean, gure herria eta herritarrak defendatzeko prest egon bai, baina etxe barrutik eta ahotsa gehiegi altxatu gabe egingo duena.

Zuen espektatiben aurka, euskal gazteriak ez dio inoiz «eraso» deituko protesta edo elkartasunari, eskubideak eta betebeharra baitira kontzientzia dugunontzat. Are gehiago nazioarteko eskuineratzea, bizi kondizioen okertzea eta erregimen autoritarioen indartzea bizi dugun garaiotan. Kartelak jartzea, manifestazioen bitartez aldarrikapenak kaleratzea edota grebak egitea gure eskubidea dira, eta hori guztia izan da historikoki horrenbeste aldarrikatzen duzuen adierazpen askatasuna. 

Bestela esanda, guk ez dugu sekula, EGIk orain gutxi egin bezala, Gernikako batzar etxetik espainiar bandera lapurtzea «demokraziaren erasotzat» joko. Astakeria bat da hori. Hasteko, ez delako inongo erasorik izan, inongo biolentziarik erabili. Eta jarraitzeko, Espainiar Estatuak inposatutako ikur bat delako kentzen ari diren hori, ustez haiek ere onartzen ez duten zapalkuntzaren irudia.

Bilatu