Oihane Zabaleta
Oihane Zabaleta
Tokiko garapenerako teknikaria

Esku-frenoa askatu

Disrupzioak, berez, gizartea eta komunitateak antolatzeko ditugun moduak birpentsatzeko erabiltzeko aukera eskaini ohi du.

Erresistentzia eta erresilientziaren arteko bidegurutzean, epe motz eta luzera, erronka eta estrategia berriei erantzuteko premian aurkitzen dira Euskal Herriko enpresa txiki-ertainak. Ezin ahaztu, enpresa ehunaren %99 osatzen dutela, eta horietatik %93 direla 50 langilez azpikoak. Txertoen zabalkundearen erritmoa eta mugikortasun mugak ikusita, esku-frenoa jarrita egon beste aukerarik ez dute. Sektoreka eta tokian tokiko diagnostiko zehatzagoekin ikusi da inpaktua asimetrikoagoa izan dela eta, beraz, brotxa lodiz marraztutako laguntza lerro orokorrekin baino (ICO, Elkargi, aldi baterako erregulazioak...) estrategia berriak birdefinitzeko tokian tokiko lankidetza lerro publiko-pribatu sendoekin errazago izango zaiela trantsizio digital, teknologiko eta klimatikoei aurre egitea. Diziplina orotariko gero eta eragile gehiagok erabili dute «hobeto berreraiki» esaldia, krisi garaietan.

Disrupzioak, berez, gizartea eta komunitateak antolatzeko ditugun moduak birpentsatzeko erabiltzeko aukera eskaini ohi du. Sektore publikoko politiken berrikuntzaren beste domeinu bat ongizatea da. Pandemiak erakutsi duenez, gizarte-ongizateko sistema eraginkorrik ez duten gizarteek, krisietan ondorio humanitario eta sozial handiagoak izan ditzakete. Gaixotasunen hedapenaren aurrean ere kalteberagoak dira; izan ere, prekarizatutako lanetan dihardutenen ezinbesteko hautua, covid-19 sintomak edo antzekoak izanda ere, lanera joatea da.

Beraz, gero eta gehiago aitortzen da gizarte-ongizatea «sistema immunologiko sozial» moduko bat dela. Horrek biziberritu du oinarrizko errentarako eztabaida. Nabarmentzekoa da ere tokiko komunitatearen aktibismoak duen garrantzia, osasun publikoaren eta ongizatearen berehalako beharrei erantzuteko ez ezik, epe luzeagoko gizarte-berrikuntzarako eztabaidan ere pisuzko eragile delako. Hobeto berreraikitzeko, beraz, covid-19 aro osoan zehar, gobernu zentraletik zein Jaurlaritzatik, udalen ahanztura politikoa nabaria izan bada ere, gaur inoiz baino gehiago, tokikoak, eskualdeak, tokiko ekonomia eta enplegua berreskuratzeko prozesu horren erakunde bultzatzaile bihurtu behar du.

Bilatu