Oihane Zabaleta
Oihane Zabaleta
Tokiko garapenerako teknikaria

Funtzio publikoaren rolaz

Pandemiak, sektore publikoaren protagonismoa jarri du lehen posizioan, are gehiago herritarren gertueneko administrazioak diren Udalak

Pandemiaren balizko hirugarren olatuak eta azken egunetako elurteek estali dute Ministro Kontseiluak duela astebete onartu berri duen 36/2020 errege dekretua; Administrazio Publikoa Modernizatzeko eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onartzen dituena. Europako funtsen banaketa irizpidea, Madrileko zentralismotik egingo dela bistakoa da.

Horren segidan jakin dugu Eusko Jaurlaritzak 5.702 milioi euro jaso nahi dituela Europako funtsetatik, 188 proiektu finantzatzeko eta Urkulluk Madrili eskatu diola maila anitzeko gobernantza aplika dezala. Zozoak beleari ipurbeltz. Eudeleko presidenteordeek gutun bat bidali diote Iñigo Urkullu lehendakariari, proiektuen gaineko hautaketetako moduetan ez delako erabili kudeaketa partekaturik, ez irizpide objektiborik ezta gardentasunik ere. Ez da kasualitatea. Pandemiak, sektore publikoaren protagonismoa jarri du lehen posizioan, are gehiago herritarren gertueneko administrazioak diren Udalak. Funtsen kudeaketaren eta susperraldiaren protagonismoa sektore publikoak gidatuko du, bakarrik edo lagunduta (lankidetza publikoa/pribatua). Tentsioa, beraz, aurreikusia dago.

Botere publiko guztiek errenkadan aurkeztu dituzte zehaztutako esparruetan zuzenean edo zeharka sartzen diren inbertsio-proiektuak, hermetismo handiz horiek guztiak eta herritarren parte hartzearen aipamenik ere egin gabe. Gogoratu behar da EBk mahai gainean jarri duen eskakizun bat: ez da nahikoa bere garaian zehaztu ziren ardatzetan egin beharreko inbertsioen ikuspegitik proiektu oso armatuak aurkeztea, baizik eta proiektu horiekin batera egiturazko erreforma sendo eta sinesgarriak aurkeztu behar dira.

Zein den funtsen gobernantza-eredua, eta, bereziki, zein prozeduratik eta zein arau objektiborekin hautatuko diren. Izan ere, administrazio publiko horiek prozesu horietan eragile izatea lortu nahi da. Azken finean, antolakuntzan, prozesuetan eta pertsonen kudeaketan erreformak bultzatzea da helburua.

Baldinbaitere etorriko ahal da. Bestela, gaurko ogia, biharko gosea.

Bilatu