Oihane Zabaleta
Oihane Zabaleta
Tokiko garapenerako teknikaria

Garapena jasangarria ere bada

Nola mantendu daiteke lurraldearen DNA, eraldaketa sakonak jasaten dituenean? Norentzat da
lurraldea? Nola bateratu interes publikoak eta pribatuak? Nork ordaintzen du eta nork irabazten du?

Industria sektoreko enpleguak sortzea eta, aldi berean, ingurumen ikuspegitik jasangarria izatea bateragarriak dira. Enplegua ala ekologia aukeratu behar izatea amarru desegokia da. Ekuazio horretatik atera eta, Azpeitian ez ezik, XIX. mendean gure lurralde osoan errotutako siderurgia-metalurgiak utzitako lurzoru kutsatuak biziberritzeko plan artikulatu eta adostuak behar ditugu. Eta, bestetik, duela 100 urtetik gorako fabrikaziorako teknologia zaharkituek trantsizio teknologiko eta ekologikoranzko bidea har dezaten lagundu. Horri ezin dio bideragarritasun plan soil batek erantzun; ausardia eskatzen du, sakrifizioa eta berrikuntza.

Azpeitiko herriarentzat, Bizkaiko ezkerraldearentzat edo biziberritze sozio-ekonomikoa behar duten Euskal Herriko beste hainbat eskualderentzat bezalatsu, lehiakortasun iraunkorrerako plan estrategiko eta integrala eskatzen du. Erakunde publiko bakoitzari esfortzu, denbora eta ekarpen ekonomiko itzelak eskatzen zaizkio Hiri Plangintza edo Ingurumen Inpaktuaren ebaluazioak juridikoki eta teknikoak erredaktatu eta adosteko. Baina ez da nahikoa.

Diseinatzaileek, sustatzaileek, arkitektoek, inbertitzaileek eta arduradun politikoek gero eta erabaki zailagoak hartu behar dituzte hiriko paisaia fisiko eta sozial aldakorretan nola esku hartu aztertzeko. Nola mantendu daiteke lurraldearen DNA, eraldaketa sakonak jasaten dituenean? Norentzat da lurraldea? Nola bateratu interes publikoak eta pribatuak? Nork ordaintzen du eta nork irabazten du? Egungo hiri-jardunbideek erakusten dute Atenasko Gutunetik jasotako eredu teknokratiko eta generiko modernistaren zurruntasunetik urrundu beharra dagoela, hiriak bizigarriagoak izan daitezen, diseinuaren, denboraren eta espazioaren eginkizuna aintzatesten duen hirigintza irekiago, moldagarriago eta inkrementalago batera hurbiltzeko. Gaztelerazko “Corrugado” hitzaren aldaera “corrugar” aditzetik dator eta uzkurtu esan nahi du euskaraz. Biak dira posible, uzkurtu eta askatu. Garrantzitsuena, herriaren egungo eta etorkizuneko behar komunitarioei errezeta berriekin ondo erantzutea.

Bilatu