Oihane Zabaleta
Oihane Zabaleta
Tokiko garapenerako teknikaria

Logikak

Logika industrial berriak ere agertu zaizkigu; Txinatik hemengo enpresa asko atera eta, ondorioz, jatorrizko herrialdeetara itzuliz, balio kateak birlokalizatzea dakarrena

Logikaren sistema pandemikoa erakusten ari zaigu XXI. mendeko herrialderik arrakastatsuenak estatu-jabetzaren moduetan lidergotza esanguratsua betetzen duten herrialdeak izango direla. Horixe ari gara ikusten Txinako eredu kapitalistan enpresa estatalek tokiko eta nazioarte mailako eremu sozioekonomikoan betetzen duten toki pribilegiatuekin. Logika orokor batek ere inoiz baino ozenago agintzen digu enpresa publikoen partaidetzei jarraipen estua egiteko mekanismoak behar ditugula, gure ekonomiak administratzeko modua konpondu eta herritarrei botere ekonomikoa itzultzea beharrezkoa dela. Orain arte, demokrazia ekonomikoaren ideia zentzu mugatu batean pentsatzeko joera izan dugu: langileen ahots kolektiboa sindikatuen eta negoziazio kolektiboaren bidez ordezkatuta, edo langileen kooperatiba politiketan edo jabetza politiketan kontzentratuta. Nahiz eta garrantzitsuak izaten jarraitzen duten, definizio zabalagoa behar da, ekonomia bere osotasunean errotik nola demokratizatu dezakegun berriro pentsatzera behartzen gaituena hiru ardatz nagusitan: eskubide ekonomiko indibidualak, enpresen jabetza kolektiborako ereduak eta erabaki ekonomikoak hartzeko parte-hartze publikoak.

Logika industrial berriak ere agertu zaizkigu; Txinatik hemengo enpresa asko atera eta, ondorioz, jatorrizko herrialdeetara itzuliz, balio kateak birlokalizatzea dakarrena. Fenomeno horrekin batera industria sektoreen jabetzan parte-hartze publikoa handitzeko aukera ireki da eta gobernu asko (Frantzia eta automobilgintza) aplikatzen ari diren laguntza publikoen jarrera protekzionistekin batera doa.

Kontestu honetan, inolako logikarik eta zentzurik ez duena Euskaltelen galera da. Probabilitatearen logika aplikatuta bakarrik, hipotesiak eta premisak gurutzatuta, iritsi gaitezke ondorio honetara: erabaki ekonomikoko zentroen etengabeko galeran urrats bat gehiago izan dela, akzioak saltzeko hainbat erabaki jarraiturengatik, sistema fiskal eta finantzarioaren eredua ez birplanteatzeagatik eta finean, lidergo publikoaren ahuleziarengatik.

Bilatu