Oihane Zabaleta
Oihane Zabaleta
Tokiko garapenerako teknikaria

«Veni, Covidi, Vici»

Baikortasunaren eta errealismoaren arteko itxaropenak neurtzea funtsezkoa izango da, noiz eta sinbolismoak nahi baino leku gehiago hartzen duen une hauetan

Margaret Keenan andrearen irudiek munduari bira eman diote joan den astean. Beste ezeren gainetik, Erresuma Batuak txertoen lasterketa honetan nagusitzeko apustua egin du. Berriak badu beretik, V-Egun berri bat iragarri eta gero, William Shakespeare izeneko 81 urteko aitonari jarri diote Pfizer eta BioNTech txerto sonatua. Britainiarrago eta teatralago ezinezkoa zen. Aste osorako jokoa eman du albisteak: triunfalismoetarako goizegi dela, eta txertoak adinekoei eta, gutxienez, arriskuan dauden taldeei ematen dien babesaz jabetu arte, ezin diogula erne egoteari  utzi. Hor ziren, atzetik, Errusia eta Txina ere, beraiek ere beren etxeko txertoei ekin dietela esanez, baina ezer gutxi dakigu inokulazio esperimentalei eta horien protagonistei buruz. Baikortasunaren eta errealismoaren arteko itxaropenak neurtzea funtsezkoa izango da, noiz eta sinbolismoak nahi baino leku gehiago hartzen duen une hauetan. Noiz eta afektuen normaltasunik gabe bizitzeko aukerarik ez dugun urte sasoi honetan  eta, batez ere, Gabonak pasatuta ere, urte berriaren hasierarekin maratoi luze honen amaiera ikusteko komeriak izango ditugunean. Hortxe,  arriskua eta ziurgabetasuna eta  “albiste onak” dedikazio berarekin komunikatzearen garrantzia. Txanpon beraren aurkia eta ifrentzua.

Asteon Merkelen 2 minutu eskaseko hitzaldiak  gehiago eragin dit hilabeteotan guztietan entzundako  prentsaurreko guztiek batera baino. Beste inor  esatera ausartzen ez denak badu bere balioa. Ideologiarekin zerikusirik ez duen lidergo kontua ere izango da. Huts egin daiteke, baina zientzia, pentsamendua  eta ekintzak koherentziaz errespetatzen dituzten politikarien eskuetan egoteak lasaitasun handiagoa ematen du. Besterik gabe, ezetz esaten du, mundu guztiak baiezkoa entzun nahi duenean. Sinpleki, haren argudioak eztabaidaezinak dira. Eta gero bakoitzak nahi duena egin dezala. Hemen bezala.

Gabonak pasatakoan, egingo ditugu hildako kopuruen konparaketak eta orduan aterako ditugu kontuak. Nor izan den garaile. «Veni, Covidi eta Vici» garaiotan.

Bilatu