Fakun Aznarez

Hizkuntzen jolasa

Etxeko txikiek beti irabazten dute, ondo badakite nola jokatu behar duten.
"Hizkuntzen jolasa" deitzen diogu gure leihari. Eta gurasook, ez daukagu zer eginik.
Irabazteko formula aurkitu dute, baita hitz magikoa ere: "Ingelesez" esan eta "puntu bat guretzat".
Jolasa egun batean asmatu nuen gidatzen nuela, kotxean seme-alabak aspertzen zirela ikusita.
Eta oso erreza da: EITB irratia jarri (musika soilik emititzen duen irrati kate publikoa) eta hurrengo abestiaren hizkuntza zein den asmatzean datza. Eta noski, asmatzen duenarentzat puntu bat.

Lehenengo egunean, hasiera hasieran, aukera asko genituen: ingelesa, euskara, gaztelania, frantsesa. Denok irabazten eta galtzen genuen. Baina txikiak azkar konturatu ziren zer hautatu behar zuten, eta ez dute harrezkero formula aldatu: ingelesez, ingelesez eta ingelesez.
Eta guk, bikotekideak eta biok, euskara aukeratzen genuen.

Batzutan 6-2 irabazten ninduten-gintuzten, beste batzuetan 4-0, 5-1, 7-2. 6-1
Finean, gure txikiak konturatu dira irrati kate honetan euskara soilik planta egiteko erabiltzen dela (soinu dei batzuk, separadoreak, izena bera: EITB "Irratia") baina musika aukertazerakoan edo ez dagoela, edo ez dute hautatu nahi.
Hori bai, ahots batek "euskal musika" esaten duen bakoitzean, eta hori ez dakit zenbat abestian behin gertatzen da, aitak puntu irabazteko aukera duela aurreikusten dute.

Pertsonalki, etxeko txikien aurrean galtzeak ez nau kezkatzen, kontrakoa baizik. Kezkatzen nauena da haiek euren hizkuntzan egindako eta abestutako kantu nahikorik ez dagoela pentsatzeak edo normalizatzeak.
Irabazteko formula aurkitu dute. Ingelesa aukeratu eta kitto. Eta hori izan zen, hain zuzen, euskara ikasteko hautua egin nuenean askok esaten zidatena: zertarako? Ez bada erabiltzen, ez bada irratietan eta kaleetan entzuten.

Uste dut irrati publiko batek tendentzia eta islada markatzen duela, zer gizarte dugun, nahi dugun, formazioa, entretenimendua, zerbitzua. Baina orain, zalantza bat dut: Zer gertatuko litzateke bihartik aurrera  EITB irratiak "EITB reidio" (ingelesezko ahozkera, noski) bere burua izendatuko balu?
Irudikatzen dut jende asko kexatuko dela, baina momentuz... kexarik ez.