Dabid Lazkanoiturburu
Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea

«Kongo ez da sekula amildegitik irtengo»

Sarritan entzuten da Kongoko Errepublika Demokratikoko (KED) hiriburuan honako esaera zaharra: «Congo Ecobonga te».
Amildegitik irten ordez zulo sakon eta ilunago batera erortzen ari da azkenaldian herrialdea.

KEDko tutsiez osatzen den M-23 gerrilla, Ruandako Armadako 4.000 soldaduren babesaz, Goma Iparraldeko Kivu eskualdeko hiriburuan sartu da, 2012an egin zuen bezala.

Orduan, su-eten bati esker, atzera egin zuten eta 2004an Kivun hasi zen koltanaren gerra ez zen Afrikako gudu bihurtu, 1998an gertatu bezala (orduan Kontinente Beltzeko 9 estatu borrokatu ziren eta 6 milioi inguru hildako izan ziren, Bigarren Munduko Gerratik gudu batek eragin duen hildako kopururik handiena.

Egun eskualdeko koltan gehiena M-23 gerrillaren eskuetan dago, eta Ruandari ematen dio armen eta laguntza militarraren truke. Haien oraingo asmoa da Kivuko lakuaren hegoalderaino iristea, Bukavu hirira, eskualdearen aberastasun guztiak bereganatzeaz gain estrategikoki aurrerapauso izugarria emateko.

Kinshasak, KEDko hiriburuak, «gerra deklaraziotzat» jo  du Ruandaren apustua, eta bere kideei dei egin die, Ugandari eta Burundiri, mehatxuari aurre egiten lagun diezaioten. Bide batez, FDLR Ruandako gerrilla hutuari laguntza helarazi dio, Kigaliren aurka.

Tutsiak eta hutuak, kongoarrak, ruandarrak eta burundiarrak... elkarren aurkako borrokan beraiek baliatuko ez dituzten mineral eta ondasunengatik.

Eta Mendebaldean –zentzu zabalenean, Txina eta Errusia barne–, adimen artifizialaren gerran sartuta. Bitartean afrikarrek elkar ezin aditurik jarrai dezaten. Etengabeko odolustean. Amildegian.

Bilatu