Dabid Lazkanoiturburu
Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea

Kosovon matrikulak, nortasunak eta liskar etnikoak

Duela bi aste Balkanak erruz baina bidegabeki famatu duten sarraski etniko berri baten atarian egon zen Kosovoko iparraldea. Bertan bizi den gutxiengo serbiarra, gehiengoa Ibar ibaiaren iparraldean, matxinatu egin zen Pristinako gobernuak, albaniarra, kotxeei Kosovoko matrikula jartzea eta Serbiako Nortasun Agiriarekin jarraitzea nahi dutenei egoitza-baimena eskatzea derrigortu nahi dielako.

Ukrainiako gerra dela eta, laister ikusi zuten batzuk Amerikako Estatu Batuen eskua krisiaren atzean eta «eslaviarren» aurkako erasotzat jo zuten, Mendebaldeari, «betiko moduan, bazterrak nahastea» egotziz.

Ez dirudi, bapatean behintzat, urte beteko epea eman ondoren Estatu batek kotxeetan matrikula eta bizilagunen NANa bateratzea «jasan ezinezko inposaketa» denik.

Bai, badakit kontu niminoenak diruditenak sinbolismo handia dutela nortasunaren auzia pil-pilean dagoen tokian, Kosovon kasu.

Horrexegatik, agian bi aldeek benetako gai potolo bakanari heldu beharko liokete.

Serbiak eta serbiar gutxiengoak ez du onartzen Kosovo albaniar gehiengoaz osatutako Estatua denik eta duela bost mende gertatu omen zen otomandarren aurka galdu zuen sarraski batean onarritzen du «Serbia Handiaren» jaiotze mitikoa. Hortan justifikatu zuen Belgradek 90. hamarkadaren amaieran egiten saiatu zen albaniarren «garbiketa etnikoa».

Kosovoko albaniarrak gerra irabazi zuten NATOri esker eta serbiarren «garbiketa etnikoarekin» erantzun zuten, batez ere Kosovoko erdialdean (Grakanika...). Batzuentzat «Albania Handiaren» ametsa

Pristinak, beraz, serbiar gutxiengoa Kosovoren parte dela onartu beharko luke, bere hizkuntzarekin, kulturarekin eta erlijio ortodoxoarekin.

Belgradek, nahiz eta ofizialki onartu ez, Kosovo nolabaiteko entitate politikoa dela ondorioztatu beharko luke, gutxiengo serbiarra «bostgarren kolumna» moduan erabiltzeari utziz.

Matrikulak eta NANak berez eroriko ziren, goiz edo beranduago.

 

Bilatu