0 iruzkin

Azken argazkia

“Jaio. Musika. Hil”. Hala izena zuen Berri Txarrak taldeak 2005ean argitaratutako diskoak. Gizakiok, beste izaki bizidunen moduan, bi gauza ditugu seguru: Jaio ginen eta hil egingo gara.Bitartean denetik egiten dugu, tartean musika sortu edo hau entzunez gozatu. Egun, bizipen horiek jasotzen dituzten argazkiak egiten ditugu, uneoro, nahiz eta hori ez den beti horrela izan.

 

Orendaingo hilerriko sarrera. Gorka Rubio | FOKU

Orendaingo hilerriko sarrera. Gorka Rubio | FOKU


Gizakia gizaki denetik errepikatzen den “behar” bat da hildakoen oroimen bisuala nola edo hala gordetzea.Horren adibide dira Mayek Jade mineraletan zizelkatzen zituzten hildakoen aurpegiak, egipziarren momiak edo “Post-Mortem” erretratu piktorikoak. Garai eta lekuko baldintza, sineskeri eta ohiturek baldintzatuta errepikatzen den kontua da hau. Hori bai, historian zehar “behar” hori asetzea soilik aukera ekonomiko edo materiala zutenen esku egon da ia oraintsu arte. Argazkilaritza orokortu zen arte.

 

Leon Tolstoyren aurpegiari hil ondoren eginiko kareta.


Leon Tolstoyren aurpegiari hil ondoren eginiko kareta. 

 
Izan ere, Post-Mortem argazkiena argazkilaritzaren hasieratik lantzen den arloa da. XIX.mendean Parisen sortua, aurreko teknika piktorikoekin eginiko postmorten erretratu tradizioaren jarraipena izan zen. Europan lehenik eta ondoren Ameriketan zabaldu zen generoa izan zen. Garai hartan batailatze, ezkontza edo gertakari sozial garrantzitsuren baten aitzakian ateratako argazkiak izatea ez zegoen mundu guztiaren esku. Arruntena, kasu askotan, norbaiti bere bizitza osoko lehen argazkia hil ondoren egitea izan zitekeen.

Ez zen harritzekoa, beraz, familiek hil berri zen senideari bizi itxura eman eta “duin” erretratatzeko asmoa izatea. Horrelakoetan apaiz eta medikuak deitu ostean sendiak deitzen zuen hurrengoa argazkilaria izan zitekeen. Argazkiak ateratzea presazko kontua zen. Hil ondoren gorpuak jasaten duen Rigor mortisa eta etengabeko trasformazio biologikoak gehiegi desitxuratu aurretik egin beharreko kontua alegia.
Askotariko argazkiak egiten ziren. Familia batzuk aurretik inoiz atera ez zuten argazkia nahi zuten. Horrela, hildakoa etxeko egongelan familiarekin batera posatzen jarri zezazeketen, kamerari “begira”. Bazen mahaiaren bueltan bazkari edo ohiko famili bilera irudikatzea eskatzen zuenik.

 

XX hasieran Bartzelonako familia bati eginiko argazkia.

XX hasieran Bartzelonako familia bati eginiko argazkia.

 
Hildako senidea haurra bazen, gurasoen altzoan ageri zitekeen lo itsurak egiten. Handixeagoa bazen, aldiz, jostailuez inguratua ikus genezakeen. Familiek seme alaba guztien argazki bat nahi izatea ohikoa zen, eta, hortaz, anai arreba guztiak -hildakoa barne- posatzen jarrita argazkia egiteko eskatzea ez zen arraroa izaten.
Senideak tarteko egindako argazkietan, hauek itsurak egitera behartzen zituzten, ez zuten dolurik adierazi behar, eta hildakoa bizi plantak egiten jarri zezaketen. Horrela “familia argazki bat” egingo zuen argazkilariak. Norbere argazki bakarra noiz eta hildakoan, nola eta bizi plantak egiten!

 

Hildako ahizparen ondoan posatzen.

Hildako ahizparen ondoan posatzen.



Argazkiok oroigarri izateaz gain doluan lagunduko zuten askotan, beste batzuetan aldizfamiliaren martxarekin zerikusia zuen funtzioaren bat. Izan ere, Gaur egungo komunikazio bitartekorik gabe, urrutira, lanera joandako senideei familiaren berri eman eta hildakoa hilik zegoela jakinarazteko balio zuten. Bazen herentzia kontuak tarteko urrutiko senideak heriotzaren ziurtasuna izan zezan eginiko argazkirik.

Argazkilarientzat ez ziren lan errazak izaten. Unearen larritasuna, familiak argazkiekiko zituzten nahi eta asmoak, heriotzaren ostean gorpuari geratutako itsura eta berau argazkirako moldatzeko egon zitezkeen aukerak, argazkilariak azkar kudeatu beharreko kontuak ziren. Emaitza ona izan zedin denbora gutxian lan dexente eskatzen zuten argazkiek. Hala ere argazkiko protagonista nagusia hildakoa izateak abantaila nagusi bat zuen: geldirik egonik, orduko argazki teknikek argazkiak egoki jasotzeko behar zituzten abiadura baxuko exposizioetarako bizidunak baino askoz hobeak ziren.

 

Zenbaitetan hildakoa argazkirako nola prestatzen zen erakusten duen irudia.


Zenbaitetan hildakoa argazkirako nola prestatzen zen erakusten duen irudia.


 

Domingo Faustino Sarmiento Argentinako presidentea. Hil eta hurrengo egunean eginiko argazkian.

Domingo Faustino Sarmiento Argentinako presidentea. Hil eta hurrengo egunean eginiko argazkian.

 
 
Urteak aurrera joan ahala, lan mota hauen eskaria zabalduz joan zen. Arlo honetan berezituriko argazkilaririk bazen ere, pixkanaka lekuan lekuko argazkilariek hartu zuten lan hauen ardura. Hauek jaiotza, batailo, eta bestelako gertakari sozialekin uztartu behar izaten zuten lan bitxi hau. Ez zen oso gogoko lana izaten, eta horregatik ez zuten euren burua lan horretarako eskaintzen. Hala ere, jendeak argazkioi ematen zien balioa edo senideekiko gertutasuna tarteko, eskariak onartzen zituzten. Lanok gainera ondo ordaidu ohi ziren. Orduan ere hiltzea ez bait zen merkea izaten. Egun bezala, norberak edo sendiak nahi zuen neurrian behintzat.

Bistan da ordutik gizartea eta jendearen beharrak aldatu egin direla. Aurreko mendean heriotzaren kudeaketan emandako zenbait aldaketek ere izan dute zerikusia horretan: ehortzetxeak agertu ostean hildako gutxiago agurtzen da etxeetan. Hil ere, maiz osasun zentruetan hiltzen gara, eta hil ondorengo beila eta agurrak iada ez dira izaten XIX.mendeko gizartean suposatzen zuten “gertakari” sozialak. Gaur egun familiek askotan nahiago izaten dute “tramite” hori azkar pasa.

Orduko egoera medio, heriotza oso presente zegoen eguneroko bizitzan. Egun erraz gainditzen diren gaitzen batek jo eta segidan hiltzea ez zen arraroa. Haurtzaroko bizipenetan heriotza, heriotz erreal eta gertukoa, arrunta zen edonorentzat. Egun aldiz heriotzarekin dugun harremana bestelakoa da. Egungo haurrek heriotzarekin duten harremanak fikzio, zine, telebista eta abarrekin dago lotuagoa. Gehitu horri zenbaitek beraien haurrei besteen ezbeharrak eta gaixoaldiak ezkutatu eta ingurukoen heriotzak eta ondorengo beila eta agur ekitaldiak bizitzeko aukera ez ematea. Horrela, heldu garenerako geratzen zaigun memoria bisualak bizitako errealitatetik gutxi izango du. haurrek ez dute heldu izan arte heriotzaren inguruko irudi erreferentzia errealik izango. Horrela, haur hori helduago denean eta heriotz bat inguruan suertatzen zaionean, asmatuko al du egoki kudeatzen? Unea bera, ondorengo dolua?.

Egun bada argazkiak dolua kudeatzeko tresna gisa erabiltzen duen psikologorik. Horietako batzuk psikologiatik argazkilaritzara hurbildu eta argazkilaritza mota hau egiten dute. Aipagarriak dira jaioberrien heriotz kasuetan dolua kudeatzen laguntzeko egiten diren argazkiak. Guraso eta gertuko senideei jaio bezain azkar hil den haurraren galerak sortutako mina kudeatzen laguntzeko egiten dira. Ospitalean, medikuen kontrolpean eginiko lanak izan ohi dira.

Bueltan bueltan, XIX.mendean eta gaur egun antzeko beharrak ditugu. Egun, orduko argazkien antzera, hilberria “lo” edo gutxienez “lasai” ageri da, bakarrik edo guraso baten besoetan.

Garai batean baino luzaro eta osasuntsuago bizi gara, eta hiltzen garenerako geure argazki mordoa izaten da, baina hil ostekoak? Horietako gutxi daude. Pentsa azken urteetan zure inguruan hil zaizkizunengan edo herri honetan azken bi hamarkadetan hil diren pertsonai ezagunengan. Gutxi izango dira hil ondorengo argazki publikoak dituztenak.

Deigarria da, gure bizitzak inoiz baino publikoagoak diren honetan, norbere argazkiak sarean inolako lotsarik gabe partekatzen diren honetan, nola heriotza eta bere inguruko irudiak inoiz baina ezkutatuagoak dauden. Hori heriotza “arrunta” denean. Heriotza ezohiko egoeran eman bada, hilketa bortitz baten osteko edo suizidioa tarteko bada, orduan gertakaria gure iruditegian are ezkutatuagoa geratuko da. Hala ere, orduan eta orain, hildakoaren argazki eta irudiek bere funtzioa betetzen jarraitzen dute.

 

Jorge Oteizaren beila Zarautzen, 2003an. Juan Carlos Ruiz | FOKU

Jorge Oteizaren beila Zarautzen, 2003an. Juan Carlos Ruiz | FOKU

 

2011 urtean Iranen, bortxaketaz leporatuta heriotzera zigorturiko gizon bat plaza publikoan urkatzen. publikoa.

2011 urtean Iranen, bortxaketaz leporatuta heriotzera zigorturiko gizon bat plaza publikoan urkatzen. publikoa.

/