ttiklik blog naiz

Bata urdina

2018ko abenduak 17, GOIBERRI-n argitaratua

Azkeneko hogeitahiru urteetan nirekin izan dudan bata urdinari agur esateko ordua iritsi da. Oso preziatua dut nik bata urdin hau. Oraindik erabiltzen badut ere, aspaldian bota behar nuen jantzia da. Urte hauetako guztietako erabileraren ondorioz, erabat gastatua dago. Dagoeneko ez dauzka goxo egiten zuten hari-ile horiek eta hau gutxi balitz, bizkarrean zulo handi xamar bat ere badu… baina hau honela izanda ere, xare-xare egonda ere, nik gustura janzten dut, etxean nagoen bitartean.

Bata hau berezia da. Erosi zidaten momentua oraindik oso ondo gogoratzen dut. Amarekin joan nintzen, Ordiziako denda batera. Eguberrietako oporretan izan zen, garai hartan Gasteizen ikasten nebilen, eta ikasle pisuan erabiltzeko Olentzeroren oparia izango zen. Momentu hartan kontziente ez ginen arren, bagenekien modu batera ez zela hau gertatuko eta non estreinatuko nuen… ba Donostiako Poliklinikako Psikiatria unitatean. Nire aurreneko ingresoan. Azal eta hezur besterik ez nintzen orduan.

Bata janzten dudan ia gehienetan momentu hura atzo izan balitz bezala etortzen zait burura, dena garbi-garbi ikusten dut. Denda hartako usaina sumatu dezaket… amaren ahotsa entzun… amaren begirada sentitu. Gezurra dirudi objektu sinple batek segundo batean iraganera nola eramaten gaituen. Bata janzten dudan bakoitzean etxeko goxotasuna eta berotasuna ere badatozkit; denbora bada, iraganera salto egiteak triste jartzen ez nauela, baina melankolia punttu hori sentitzea ezin dut ekidin, eta ez dut ekidin nahi. Oroitzapenak mantentzea garrantzitsua de-la pentsatzen dut, iraganak egiten baikaitu gaur garen pertsonak. Oroitzapen mingarriak, denbora pasa ahala, beste begirada batez ikustean dago gakoa. Mina ematen zigun hori distantziatik ikusi, minari buelta eman eta kalte egiten diguna joaten uztea beharrezkoa da.

Eta nik orain, mina ematen ez badit ere, joaten utzi behar diot nire bata urdin maite honi. Batez ere joaten utzi behar diet sortarazten dizkidan sentimendu horiei. Melankolia punttu horren limitea oso fina da, eta nik ikusi nahi ez dudan arren, askotan melankolia baino zerbait gehiago baita sorrarazten didana.

Oroitzapenei erantsiak geratzen bagara, iraganeko pertsonak eta egoerak ezingo ditugu askatu. Ahal dugun moduan dugunari eusten diogu, askatzeak dakarren mina ez sentitzeagatik. Askatzeak, pasatu denari aurre egitea esan nahi du, agur esan eta atzean uztea. Karga kentzea, libre sentitzea, atzera begiratu eta bertan utzi dugunari lasai begiratzea.

Konturatu gabe nengoen bata urdin hau askatzeak nolako esfortzua eskatzen didan. Nahi eta ezin. Zenbat emozio hari multzo batean. Zenbat oroitzapen ahaztezin. Zenbat poztasun eta zenbat tristura.

Udazkenean zuhaitzek beraien hostoak askatzen dituzte, udaberrian hosto berriei lekua uzteko. Nik ere nire barrua hustu behar dut emozio berriei lekua egiteko.

Agur bata urdina.