Miren Agur Meaberi entzun nion behin liburu bat idatzi eta gero sentitzen duen betetasunak ez duela parekorik. Izan ere, soldataren zenbatekoa alde batera utzita, lanbide batzuek betetasun sentimendua eragin dezakete. Ez da pizgarririk behar goizean alarma amatatzeko eta ohetik altxatzeko. Ez du domeka arratsaldeko tristurak irentsiko langilea. Lanbide asko, ordea, arrastaka eta nekez eramaten dira, kristauen gurutzea bezalaxe.
Lanbideaz harago, ariketa deserosoa izan liteke pentsatzea zerk ematen dion betetasuna gure bizitzari, hots, zerk bihurtzen duen esanguratsu gure bizimodua. Kezka zaharra da, inondik inora. Betierekoa, esango nuke nik. Aristotelesek bertutean aurkitu zuen betetasunaren esangura: zintzotasunak, eskuzabaltasunak eta ausardiak marrazten ei dute hura. Eta haren eragina nabarmena izan da bizitza betea zertan datzan hausnartzeko orduan. Komunitarismoan, adibidez, indibidualismoari aurre egitea eta ongizate komunaren bila jardutea zorionerako ezinbesteko baldintza da. Komunitate bateko kide izateak eta haren arau moralekin bat egiteak ematen dio zentzua norbanakoaren bizitzari. Gaur egun, sarritan ikus dezakegu «bizitza bizigarriak» lema aldarrikatzen duela feminismoak, besteak beste: bizi-baldintza duinek bihurtzen dute bizigarri bizitza. Zertan datzan duintasuna beste kontu korapilatsu bat da, baldintza horiek ez baitira ezinbestean materialak.
«Bizitzea merezi duen bizitza» lortzea da gakoa. Betidanik. Eta gizakia ez ei da gai helburu hori bere kabuz erdiesteko, bertute liberala den autonomiari irmoki eusten diogun arren. Izan ere, uste duguna baino liberalagoak gara askatasun eta eskubide indibidualak aldarrikatzean. «Zuk merezi duzulako», esaten digute publizitate iragarkiek ere. Baina Emile Durkheim soziologo errepublikanoak adierazi zuen moduan, «gu» esatean sentitzen dugun indarra, «ni» esaten duenak ezin du inolaz ere eskuratu. Betetasunaren bila goazela, agian hobe izango da abentura horri elkarrekin ekitea.
