Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Deabruaren abokatua

Sare sozialetatik salbu sentitzen garenok beste mendekotasun batzuk ditugu. Zenbat ikusle biltzen dute espainiar telebista kateek gure artean?

Zahartzaroaren ataria zeharkatu dugunok destainaz begiratzen diegu gazteen ohitura digitalei. Egun santu guztia ematen dutela pantaila batetik eskegita, horixe da gehien entzuten den kexua. Errealitatea mozorrotuz, itxurakeria gailentzen dela salatzen da. Erakutsi behar da norbera opor lekurik exotikoenean egon dela edo outfit apurtzaileena janzten duela. Gezurrezko mundu horrekin apurtu nahian sortu omen da BeReal (Izan benetakoa) aplikazioa, unean uneko argazkia bidaltzera behartzen zaituena, horretarako bi minutu besterik ematen ez dizula. Pantailarekiko mendekotasuna areagotzea egozten zaio honi. Baina susmoa dut gazteen ohitura digitalak zorrotzen kritikatzen dituztenak, sarritan, mundu birtual horretan bizi direla bete-betean.

Zilegi bekit deabruaren abokatu lana egitea. Sare sozialak horixe dira, sozialak; alegia, jendea harremanetan ipintzen dute gizarte atomizatu honetan, eta hori, berez, onuragarria da, nazio ikuspuntutik ere. Horrez gain, iritzi publikoan eragiten dute. Eztabaida demokratikoa oinarri duen gizarte batean sare sozialek funtsezko zeregina bete dezakete. Aspaldian konturatu dira erakundeak egitate horretaz. Izan ere, «saretzea» ahalbidetzen dute eta antolaketa fisikoa ez da antolaketa birtuala baino hobea moralaren ikuspegitik.

Mendekotasuna sortu dezakete? Bai. Interes ekonomiko asko ezkutatzen dira haien atzean? Bai. Sarritan gorrotoa baino ez darie? Bai. Eta? Horixe da gizartea, sare sozial digitalik gabe ere. Are gehiago, sare sozialetatik salbu sentitzen garenok beste mendekotasun batzuk ditugu. Zenbat ikusle biltzen dute espainiar telebista kateek gure artean? Harrigarriak bezain penagarriak dira zenbakiak. Robert Putnam soziologoaren aspaldiko baieztapen ironikoa berreskuratuz: (adineko) estatubatuarrak ez dira elkartzen lagunekin; nahiago dute etxean geratu eta "Friends" ("Lagunak") famatua telebistan ikusi.

Gazteen ohitura digitalak deabrutu beharrean, hobe genuke sare sozialen balizko gaitasun eraldatzaileaz eztabaidatzea. 

Bilatu