EHUren kalifikazioa: Bikain
Behin baino gehiagotan pentsatu dut ez zuela merezi gehiago idaztea Unibertsitatera Sartzeko Probaren inguruan sortu den polemikari buruz, larregi eta askotan helburu maltzurrekin eztabaidatu baita. Baina arantza moduko bat geratu da nire baitan, agian EHUn lanean urte asko eman dudalako eta nolabaiteko zorra sentitu dudalako lankide izan direnekin, zeren eta, lehenik eta behin, esan behar da bidegabea izan dela EHUko irakasleen inpartzialtasuna kolokan jarri izana arinkeria horrekin. Izan ere, hezkuntza sistemako irakasleen jarduna izan da kritikatua inolako irizpide objektiborik gabe. Eta ikasleei buruz esandakoak ere hartu litezke kontuan. Zilegia al da euskaran zero edo nota baxua atera duten ikasleez trufa egitea? Ez dut ikusi inolako txisterik fisikan zero atera duten ikasleei buruz.
Harrigarriena euskararen notari garrantzia kendu nahi izatea iruditu zait. 40 urteren ostean, oraindik badago jendea ez duena onartzen EAEn euskara eta gaztelania, bi-biak, direla hizkuntza ofizialak eta, beraz, euskara gainditu beharreko irakasgai bat dela, gaztelania den bezalaxe. Hori onartu ez eta epaitegietara joatea euskararen notaz kexatzera surrealismoaren mugan dago. Eta onartezina da, aurrekari arriskutsua ezartzen baitu. Pena ematen didate, zinez diot, horrelako gurasoak egokitu zaizkien ikasleek. Eta penarik ez, haserrea eragin didate euskarari dagokion balioa kentzeko ahalegin hori argudio politikoez janzten saiatu diren erakundeek. Horretan ere, vox populi da Eusko Jaurlaritza ez dela ibili oso fin, gauza larriagorik ez esatearren. Ostrukaren politika nagusitu da bere adierazpenetan, EHUren jardun gardena irmoki defendatu beharrean. Baina euskaltzale batzuen adierazpenak ere ez zaizkit zuzenak iruditu, besteak beste, gutxietsi egin direlako, nahi gabe agian, irakasle askoren ahalegina eta dituzten lan baldintzak. A eredua kritikatzeaz gain, geuri dagokigu ez ipintzea eskolaren bizkarrean bakarrik euskararen egoera.
Gauza bat argi geratu da, nire ustez, EHU esku onetan dagoela.
