Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Errukia

Zutabe hau irakurtzen ari bazara, ez dakizu zer den muturreko pobrezia. Hedabide honetan bertan agertu zen albistea: Afganistango familia batek seme txikiaren giltzurrunetako bat saldu zuen zer jan ez zutelako, eta ordutik aurrera umea min kronikoarekin bizi da. Beste hedabide baten bidez jakin   dut Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak emandako datu ikaragarriaren berri: munduko herritarren %10, hots, 828 milioi pertsona, goseak jota lotaratu ziren egunero 2021ean.

Zer pentsatua ematen dute albiste biek, azkenaldi honetan aldizkako baraualdiak dituen onurak han-hemenka entzun daitezkeen bitartean. Planetaren zati bat gosez hiltzen ari den bitartean beste batek ez daki zer asmatu gutxiago jateko! Izan ere, zer jan –edo ez jan– totem moduko bat bihurtu da gure artean. Elkarri pasatzen dizkiogu menuak lagunarteko bazkari bat planifikatzen badugu, helburua ondo jatea balitz bezala eta ez lagunekin egotea. Ni oso urduri ipintzen nau, adibidez, turistei entzuteak Euskal Herrira etortzen direla hemen oso ondo jaten delako. Janariaren inguruan erlijio bat sortu dugu, sinestun ugari duena: ahuakate asko janda minbizia saihestuko duela uste duena; karbohidratoei gerra iraunkorra deklaratu diena, argal egotea baita ideala, lodifobiaz asko hitz egin arren; eta proteinen eta gimnasiaren bidez gorputz gihartsua bilatzen duena. Osasuna dela edo itxura dela, kontua da janaria gure bizimoduen erdigunean dagoela, dieta ustez onenaren bila.

Ez dut mingarri izan nahi, badakit-eta mahaiaren bueltan harreman onak gauza daitezkeela eta janaria kulturaren osagaia eta plazera ere badela. Baina noizean behin Afganistango ume hartaz gogoratzen naiz. Ezkertiar batek esango luke kasu hori «egiturazkoa» dela; alegia, ez dela abagune jakin bakar baten ondorio, baizik eta kapitalismoak edo klima aldaketak eragindako pobretzearen ondorio. Iraultza Handiaren zain gaudela, bihur ote liteke errukia ere –alegia, elkartasuna– gizartearen «egiturazko» ezaugarria? Ez erantzun, mesedez.

Bilatu