Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Euskara (des)politizatu

EAEri dagokionez, ordea, errealismo falta atzematen dut, lurralde hau ere ez delako homogeneoa eta normalizaziotik urruti dagoelako.

Zortzi lagun mahaiaren bueltan. Emakumezkoak, 65 urtetik gorakoak, frankismopean baldintza ezin eskasagoetan euskaldunduak. Batek gogorarazi die, barre artean, izan zuten lehenengo euskara irakasleak ez zekiela euskaraz hitz egiten; esaldi sortak itzultzea baino ez zuten egiten klasean. Bakarra da ama hizkuntza euskara duena. Gainerakoek ikasi egin zuten, lagunarteko giroan beti. Auzo zeharo erdaldun hartako kaleetan txintik ere ez euskaraz. Batzuk Espainiatik etorritako etorkinen alabak. Euskara, haienean, txinera bezain arrotza. Euskara ikasi zuten giro abertzalean mugitzen hasi zirelako.

Sarritan, ariketa nostalgiko hutsala iruditzen zait iraganera begira jartzea, baina aspaldi honetan zenbait euskaltzale abertzaleri entzun dakioke euskarak beharko lukeela garai hartako bultzada berreskuratzea. Euskararen normalizazioa gainditutzat emanez, izaera politikoa indartzea proposatzen dute, erabilerari eustea zaila baita atxikimendu emozionalik gabe, eta hori, lehenago bezala, nazio identitateak eman lezake. Arazorik?

Nafarroako euskaltzaleei, adibidez, gustatuko litzaieke nafar guztiek ondaretzat ikustea euskara eta, hartarako, erdaldunen mesfidantza leuntzea bihurtzen da gako. Hala, euskararen politizazioa oztopo gisa ikusten dute batzuek. EAEri dagokionez, ordea, errealismo falta atzematen dut, lurralde hau ere ez delako homogeneoa eta normalizaziotik urruti dagoelako. Barakaldon elebitasuna ametsa da oraingoz baina Orendaineko eskolako umeek gaztelaniaz ozta-ozta egingo dutelakoan nago.

Tokian tokiko errealitatera egokitzeko ahaleginak egiten ditu sarritan euskalgintzak, baina abertzaletasunak zailtasun handiak ditu euskararen aldeko diskurtso «nazionalari» eusteko, nazio identitatearen beraren osagai nagusitzat euskara duen heinean. Hura normalizatuta dagoen lekuan bultzada politikoa eman nahi dio, grina galtzen omen delako. Baina bultzada politiko horixe bera oztopo bihurtzen da beste batzuetan, nazio proiektu politiko bati lotuta doalako euskara eta proiektu lehiakide bat baino gehiago dago Euskal Herrian. Ezina eskatzen ari gara?

Bilatu