Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Garai zailetatik

Garai zailetatik gatoz eta, zoritxarrez, ez dira guztiz amaitu, baina giroa aldatzen ari da. Horren seinale da Bilboko ekitaldian Sarrionandiak kanta bat aurkeztu izana, ikusleen txalo zaparrada artean.

Nacho Vegas asturiarraren "Vinu, cantares y amor" kanta ederraren bertsio are ederragoa ondu du Anarik, aspaldi ez dela. «Kantatu, maitatu eta dantza (edo zalantza) ezin bada, ez da gure iraultza» diosku bertan, euskal kulturako emakume ospetsu batzuekin batera. Zer pentsatua eman dit, iruditu zaidalako kulturaren eta politikaren arteko harremanari buruzko gogoeta dagoela hor, nonbait. Eta neure buruari galdetu diot zergatik etortzen den sarritan kulturaren mundutik ideia hori, alegia, politika zerbait iluna, tristea dela, zalantzarako tarterik utzi ez eta maitasuna ere arriskuan jar dezakeena.

Ezin da ukatu euskal politikaren eta kulturaren arteko harremanak ez direla izan beti gozoak. Imanol Larzabalen kasua aipa liteke, adibidez. Garai zailetatik gatoz. Izan ere, euskal kulturaren emaitza bikain asko ezin dira ulertu euskal gatazkaren gordintasunean kokatu gabe. Literaturaren hiru adibide bakarrik –askoz gehiago dago eta– jarrita: Saizarbitoriaren "Ehun metro", Atxagaren "Gizona bere bakardadean" eta Canoren "Twist" eleberriek gatazka politikoa dute oinarrian eta hirurek, ikuspuntu desberdinetatik abiaturik ere, bihotza urratzen dute. Garai zailetatik dator ere Ruper Ordorikak eta Bernardo Atxagak ondutako "Hautsi da anphora" ikuskizuna. Honakoan, ordea, alaitasuna dario politikaz blai ageri den kanta eta poema sortari. Garai zailetatik gatoz eta, zoritxarrez, ez dira guztiz amaitu, baina giroa aldatzen ari da. Horren seinale da Bilboko ekitaldian Joseba Sarrionandiak kanta bat aurkeztu izana, ikusleen txalo zaparrada artean. Nork irudika zezakeen hori orain dela hogei urte, adibidez?

Kultura eta politika eremu autonomoak dira, esan gabe doa. Hala ere, nago elkarren beharra dutela. Horrexegatik, gustatuko litzaidake kulturako eragileek ez begiratzea destainaz lan politikoari. Ez al da antzeko zerbait sumatzen tarteka? Hori esanda, egungo euskal kultura emankorraz gozatzen eta, halaber, jardun politikoaren oinarrian maitasuna, alaitasuna eta eskuzabaltasuna daudela sinesten jarraituko dugu. Horrek guztiak bihurtu gaitu orain garena.

Bilatu