Unibertsitateko ikasleei erlijioaren garrantzi soziala azaltzen nienean agnostikoa nintzela esatera behartuta sentitzen nintzen sarritan, hain baitzen agerikoa erlijio usaina zuen guztiak eragiten zien mesfidantza, neurri batean, ezjakintasunetik zetorrena: gehienek ezertxo ere ez zekiten ez kristautasunaz ez beste edozein erlijiori buruz. Eta apur bat zekitenek materialismo inozo samar baten eskutik harreman alienagarria baino ez zuten ikusten bertan.
Menderatzea legitimatuz, mota askotako sufrimendua barreiatu –eta barreiatzen– dute erlijioek han-hemenka. Nor ausartuko da hori ukatzera? Erlijio bat aurrekoaren gainean ezarrita zabaldu ohi da. Tenplu erromatar baten gainean eraiki da eliza bisigodo bat eta haren gainean meskita bat eta haren gainean eliza erromanikoa eta haren gainean... Tuterako katedrala edo Kordobako meskita adibide bi baizik ez dira. Alta, gizateriaren historian mundu ulerkera bakarra izan da erlijioa edonon eta edonoiz, Mendebaldeko arrazionaltasun modernoak lekua kendu zion arte.
Dagoeneko agnostikook gehiengoa gara euskal gizarte sekularizatuan; hortik ikasleen gutxiespena. Baina okerra da pentsatzea erlijioak erabateko garrantzia galdu duela. Izan ere, kultura aniztasuna areagotu ahala, protagonismoa irabazten ari da. Eta nago ez gaudela prestatuta egitate horri behar bezala erantzuteko. Adibide bakarra jarrita: erlijio katolikoa hautazko irakasgai gisa kendu nahi dugu curriculumetik eta ni ados nago. Irakaskuntza arautuan ez da zertan erlijiozko doktrinarik egon. Hala ere, ondo deritzot jantokietan ikasle musulmanei menu berezia eskaintzeari. Exotikoagoa delako? Ez. Talde baten kultura- identitateari zor zaion gutxieneko errespetu demokratikoa delako. Hori da eskola inklusiboa. Baina gaia, aitor dezagun, ez da batere erraza. Ez eskolan, ez gizartean. Eta arriskutsua ere bada agnostikook adierazten dugun intolerantzia. Ulertu gabe erlijioa garrantzitsua dela talde batzuen kultura-identitatean, haien eraikinaren gainean altxatu nahi dugu geurea.
Gu, agnostikook
Dagoeneko agnostikook gehiengoa gara euskal gizarte sekularizatuan; hortik ikasleen gutxiespena. Baina okerra da pentsatzea erlijioak erabateko garrantzia galdu duela.
