Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Gu baino hobeak

Umeen mesedetan pentsatu nahi badugu, bila ditzagun tresnak datorren belaunaldia gurea baino hobea izan dadin , eta ez,dagozkion erantzukizunak kolokan jartzeko.

Lehengo batean irakurri nuen susmagarria eta apur bat tristea ere badela umeek horren ondo jokatu izana pandemian zehar. Nolako beldurra helarazi ote diegun galdetzen zuen penaturik idazleak.

Sarritan, oso zaila da beldurra eta zuzentasuna bereiztea. Jendea maskara jantzita ikusten dudanean paseoan, aire zabalean, leku isolatu batean, hiru gauza etortzen zaizkit burura. Lehena da oraindik ez dakigula zertarako balio duen maskarak. Bigarrena, beldurra hezurretaraino sartuta daukagula. Heriotzari beldurra, gordinki esanda. Baina badago beste arrazoi bat ere: herritarren ardura. Seguruenik, ezjakintasuna, beldurra eta erantzukizuna batera gertatzen dira askotan. Baina azken hori gutxitan aipatzen da haurren kasuan. Maskara janzten duen ume edo nerabe baten atzean pertsona heldu bat egon da, hori egiteko arrazoiak azaldu dizkiona, ama, aita edo irakaslea delarik. Eta maskara edozein modutan jantzita badarama ere, haurrak ulertu du garrantzitsua dela arau hori betetzea... eta lagunekin jolasten jarraitu du.

Baina hain daukagu barneratuta errealitatearen alde ezkorrari erreparatzea, ikasleek erakusten duten jarreraz poztu beharrean, «adultokraziaz» ere hitz egiten dela, osasun arauak ezartzeko orduan haurrei ez diegula entzun salatu nahian edo. Ez dut autoritarismoan jausi nahi, baina noiztik antolatzen da gizartea belaunaldien arteko asanblean? Umeei edo nerabeei buruzko adierazpen batzuk inozoak eta ganorabakoak ere iruditzen zaizkit. Haurrak eta nerabeak gehiegi babestuz, edozein jokaera justifikatzen dugu geuk ere adin horretan gauza bera egiten genuela esanez. Ez da kasualitatea, ildo horretatik, eskolan batez ere ondo bete izana osasun neurriak, eskola delako arauak argi eta garbi helarazten direneko lekua.

Umeen mesedetan pentsatu nahi badugu, bila ditzagun tresnak datorren belaunaldia gurea baino hobea izan dadin, eta ez, dagozkion erantzukizunak kolokan jartzeko. Clint Eastwoodek esana omen da gure seme-alabei planeta hobea uzten saiatu beharrean, planetari seme-alaba hobeak uzten saiatu beharko genukeela. Gu baino hobeak, alegia.

Bilatu