Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Herri txiki, zeru handi

Gazte talde batek txangoak antolatzen zituen umeok mendizaletasunera (eta, batez ere, abertzaletasunera) zaletzeko asmoz. Autobusera igoaz bat, arduradun baten agurra oihu moduko bat izaten zen: «Ondo biziko ginela ta…» eta besteok, huts egin gabe eta aho batez erantzuten genuen: «Dana guzurre!». Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari zeri deituko zitzaion «ondo bizitzea» frankismoaren azken urte haietan. Herritarron bizimoduak ikaragarri aldatu dira; hobera, orokorrean. Eta, hala eta guztiz ere, «hobeto bizitzea» eskaintzen dugu datozen foru eta udal hauteskundeetan. Gauza askok merezi dute hobekuntza gure gizartean; etxebizitza politika, oinezkoen aisialdia, osasun arreta, ikastetxeen egoera, adinekoen egoitzak, euskararen erabilera… amaiezina izan liteke zerrenda. Kanpaina hasi eta berehala, ordea, abstentzioaz eta desmobilizazioaz hitz egiten hasi gara. Udal hauteskundeetan, batez ere, udalen eskumen maila murritza jartzen da botorik ez emateko arrazoi nagusi gisa.

Sentsazio hori areagotu egiten da herri txikien kasuan. Horrexegatik, meritu handia dute zinegotzi edo alkate izateko izena eman dutenek. Herritarrok gutxitan jakiten dugu zinegotzien lana behar bezala atzematen, eskertzen eta demokrazia parte-hartzailea praktikan jartzen. Alabaina, pentsatu behar dugu «hobeto» bizi daitekeela aukera jakin batek irabaziz gero, aukera politiko guztiak ez baitira berdinak. Gure artera etorri den irlandar filosofo bat entzun nuen lehengo batean «adiskidetasun zibikoaz» hitz egiten. Hark azaldu moduan,  gizarte justu bat ezin daiteke eraiki giro gaiztotuan, herritarron arteko gutxieneko afektuan eta konfiantzan oinarritu gabe. Guk egin dezakegu hori. Zalantzarik gabe. Guk, aukera ezkertiar eta abertzaleei eusten diegunok, lor dezakegu, benetako demokrazian sinesten dugulako, aldaketa esanguratsua, betikoen prepotentziaren eta estilo autoritarioaren ordez, adiskidetasun zibikoa bultzatuz. Gure herri txikia, infernu beharrean, zeru handia izan dadin.

Bilatu