Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Herritar osoak

Eta halakoxeak gara euskal herritarrok: pentsaera desberdinekoak, ideologia askotarikoak eta mundu ulerkera anitzekoak.

Barka nazatela neurozientzietan eta soziolinguistikan aditu direnek, baina, politikaren ikuspuntutik begiratuta, boutade bat iruditzen zait noizean behin ageri den ideia hau, alegia: euskaraz hitz egiteak mundua era jakin batean ikustea dakarrela, edota, hiztunaren ikusmoldean –oro har hartuta– eragina duela. Horrelako baieztapenak, eztabaida sozialera ekarrita, arriskutsuak ere izan daitezke, iradokitzen ari baikara, nola edo hala, euskaldunok bakarrik dugula zilegitasuna euskal gizarteaz gogoeta «zuzena» egiteko.

Ezagun da inguru jakin batekiko harreman estuan sortzen dela hizkuntza: inuitek elurra izendatzeko berba asko omen dituzte eta ez da kasualitatea. Baina egungo Euskal Herrian bizi garen euskaldunok ez dugu sortu gizarte bizitza –hots, elkarrekin eta munduarekin erlazionatzeko moduak– euskaraz ez dakitenengandik aparte. Batetik, euskal hiztunok elebidunak garelako. Gehiengo esanguratsu bat bai, behintzat. Gure burmuinak desberdin dihardu euskaraz ala gaztelaniaz edo frantsesez ari garela? Eta horrek harreman zuzena du gauzak ulertzeko tankeran? Bai eta bizitzaren aurrean jarrera zehatz bat hartzeko orduan ere? Eta, bestetik, Euskal Herria gizarte modernoa delako. Eta halakoxeak gara euskal herritarrok: pentsaera desberdinekoak, ideologia askotarikoak eta mundu ulerkera anitzekoak. Ez gara bizi gizarte primitibo eta erabat homogeneoan.

Hortaz, euskaraz egiteko motibo bila goazela, hitz egin dezagun demokrazia iparrorratz hartuta; hots, euskal herritarron arteko berdintasunetik abiatuta. Jendeak euskara maite dezala dugu helburu eta erakartzea da gakoa; ez, ordea, destainaz begiratzea. AEK erakundeak lelo politak erabiltzen ditu: "Zatoz beste mundu bat deskubritzera" eta antzekoak. Bertsolaritzaz gozatzera eraman gaitzake euskarak, adibidez, baina ez mundu ulerkera jakin batez jabetzera. Euskaraz eginagatik ez gara sozialki edo politikoki herritar «hobeak». Surrealista dirudi hau esan beharrak: erdaldunak herritar osoak dira.

Bilatu