Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Hiriko eskaleak

Ez al da gogorra supermerkatuko ateko eskaleari ezer ez ematea norberak poltsak gainezka daramatzala?

Ezagutzen dudan emakume bat egunero irteten da etxetik poltsikoan euro bateko txanpona daramala. Kalean aurkitzen duen lehenengo eskaleari ematen dio. Horrela, berak dioenez, ardura hori kentzen du aldetik, izugarrizko buruhausteak ematen dizkiolako hirian barreiatuta ikusten dituen etxerik gabekoei edota eskaleei erantzun beharrak. Denei eman beharko lieke? Bilbon bakarrik 350 bat pertsonak egiten omen dute lo kale gorrian. Inori ere ez? Jakitun da bera, etorkinekin boluntario lanean ibilia delako, eskean edo etxerik gabe dabiltzan asko horretara behartuta daudela; alegia, kasu gutxi batzuk kenduta, kalean bizitzea ez dela beren-beregi egindako hautu librea. Ez al da gogorra supermerkatuko ateko eskaleari ezer ez ematea norberak poltsak gainezka daramatzala?

Gogoan dut txikitan gurasoek esaten zigutela zilegia zela pobre bati dirua ematea, ardoa edateko izan ezean. Urteak pasatu ahala, ezkerreko pentsamolde arrazionalak findu eta zorroztu egin digu jarrera; geure dirua –edo dena delako laguntza– beharra dutenei bide arautuetatik irits dakien nahi dugu. Ez omen dugu «karitaterik» egin nahi, elkartasuna adieraztea baino. Eta elkartasun hori antolatua izan dadila, ez baikara fio bisean bis egindako laguntzaz. Izan ere, hamaika dira boluntario taldeen eta maila askotako instituzioen jardunak: elikagai bankuak, aterpetxeak, adingabeentzako zaintzapeko pisuak, paperik gabekoen erroldatzea errazten duten gizarte mugimenduak, erlijiozko izaera duten elkarteak, udalek eta administrazio autonomikoek ezarritako gutxieneko dirulaguntzak…

Bilboko sarbide bateko semaforoan gazte beltz bat egoten da irribarre amultsu batez bitxikeriak saltzen. Irribarre horren atzean egon litezkeen bizipenek pena ematen didate. Baina nire ezkerreko izpiritua erne jartzen da. Zergatik dago bera beti? Laguntzarik eskatu al du dagokion lekuan? Posible ote da beste aukerarik topatu ez izana? Atzo euro biko txanpona eman nion klinex pakete ziztrin baten truke. Ez galdetu zergatik.

Bilatu