Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Izorra daitezela datuak!

Errealitateari entzungor, itsu-itsuan, aritzea ere akats handia da, ematen duelako «izorra daitezela datuak!» pentsatzen ari garela, inkontzienteki bada ere.

Banuen lankide bat estatistika batere gogoko ez zuena. Ikerketa soziologikoa egiteko orduan, nahiago zuen hipotesiak kontrastatu edo jendearekin elkarrizketak egin eta ez zenbakiek (batez bestekoak, korrelazioak, ehunekoak...) marraztu lezaketen errealitateari erreparatu. Honako hau entzun nion behin, txantxetan ari ginela: nik teoria bat eraikitzen dut eta gero  datuek ez baldin badidate arrazoirik ematen... izorra daitezela datuak!

Errealitatea aldatzea baldin bada gure anbizioa, ezin gaitezke konformatu dagoenarekin; alegia, «datuak» eraldatzen saiatuko gara beti. Baina errealitateari entzungor, itsu-itsuan, aritzea ere akats handia da, ematen duelako «izorra daitezela datuak!» pentsatzen ari garela, inkontzienteki bada ere. Nik neuk, behintzat, irudipen hori dut euskararen inguruan bolo-bolo dabiltzan eztabaida batzuk entzuten ditudanean.

Lehena, hauxe: Nafarroako euskaltzaleak behin eta berriz kexatzen dira euskararen kudeaketa tamalgarriaz, arlo batzuetan gutxienez, eta arrazoi guztia eman behar zaie, nire ustez. Baina zertarako balio du egia batek, herritarrek egia modura ikusten ez badute? Begira diezaiegun datuei: Nafarroako biztanleen %40k ez dute begi onez ikusten euskararen aldeko neurri gehiago hartzea. Diskurtso eta estrategia berriak asmatzen saiatzen ari da nafar euskaltzale andana, baina datuak abiapuntutzat hartuta egin beharko dute, ezinbestean.

Eta bigarrena, beste hau: Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistemaren hizkuntza ereduak berraztertu behar dira, eskolak ez baitu lortzen umeak euskalduntzea. Ados nago, hemen ere. Alta, behin irakurri nuen «bidegabea eta okerra» ere badela eskolari erantzukizun nagusia leporatzea ikasleen euskalduntzearen gabeziez hitz egitean. Zenbat esfortzu egiten dugu guraso euskaldunok gure seme-alabek euskara maite dezaten? Eman diezaiogun etxe batzuetan gertatzen denari begiratu arin bat: guraso biak euskaldun berriak izanda familien %6k baino ez dute erabiltzen euskara etxeko hizkuntza gisa.

Hortaz, adi datuei, asko adieraz dezakete eta. Gizartea uste baino konplexuagoa dela, adibidez.

Bilatu