Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Jende toxikoa

Ezagun da ultraeskuina aditua dela gorrotoa eta mesfidantza barreiatzen. Baina, batzuetan, ustezko ultraezkerra ere ez da atzean geratzen «gure arteko» giroa gaiztotzeko saioan.

Lehen, tankera horretako jendeari «gaiztoa» deitzen zitzaion, besterik gabe. Pertsona gaiztoek bestearen mina eragiten dute, inkontzienteki edo beren-beregi. Gizartearen esparru anitzetan aurki ditzakegu, psikologia modernoaren hiztegia erabiliz, «toxiko» deitzen ditugunak. Giza harremanetan gomendioa pragmatikoa izaten da: saihestu jende mota hori! Zertarako mindu bizitza? Ez du merezi. Alta, nago politikaren arloan ariketa osasuntsua dela eragile toxikoen izaera agerian uztea eztabaidaren mesederako.

Ezagun da ultraeskuina aditua dela gorrotoa eta mesfidantza barreiatzen. Baina, batzuetan, ustezko ultraezkerra ere ez da atzean geratzen «gure arteko» giroa gaiztotzeko saioan. Komunikazioak gaur egun duen irismen maila, gainera, abaro ezin hobea da iraina eta begirunerik eza biderkatu daitezen ad nauseam. Oso urrun ikusten da bizi garen garaiotan kritika konstruktiboak egin behar direlako ideia zahar hura. Baina zertarako balio du pentsamendu edo jarduera bat kritikatzeak, inolako alternatibarik eskaintzen ez bada?

Aspaldi honetan hamaika adibide aurkitu dut, han eta hemen idatzia edo iradokia, esandakoaren isla gisa, baina bakarra aipatuko dut. Ez zait zilegi iruditzen Mañeruko Udalak eremu mistora iragateko egindako eskaerari Nafarroako Parlamentuak eman dion ezezkoa (nire ustez, antidemokratikoa) baliatzea nafar abertzaletasunaren jarduera politiko guztia deskalifikatzeko. Kritika politikoa buruarekin –alegia, erantzukizunez– egiten da, eta ez erraiekin. Eta zeregin politiko oso bat –euskararen alde egiten dena kontuan hartuta ere– ezin da zalantzan jarri abagune jakin bat dela medio. Ez da bidezkoa. Horrelako deskalifikazioari eusten dionak politika toxikoa egiten du, nahi gabe edo nahita.
 
Zakua bete lan dute nafar abertzaleek, benetan zaila baita haien lana. Hobe litzateke adostasunik bilatzen ez tematzea? Erosoagoa, ziur. Baina eraginkorragoa ere bai? Meritua aitortu behar zaie bide malkartsuan nekaezin ibiltzearren. Nire iritzi apalean.

Bilatu