Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Naturala

Pertsona bati buruz adieraz daitekeen politena da «naturala» dela esatea. Eta non bizi dira pertsona naturalak? Oximoron bat da.

Herrialde batzuetan, norbait paseo bat ematera eramaten baduzu, ohikoena da ibilaldia amaituta hura antolatu duenari eskerrak ematea. Ez aurpegira begiratu gabe, baizik eta ondo entzuteko moduan esanda. Edo lagun bat etxera gonbidatzen baduzu, ez du huts egingo; afaria amaitzean, eskerrak emango dizkio sukaldariari. Ez omen dute bihotzez egiten, ez direla naturalak entzun dut noizbait. Garrantzitsuena asmoa da; gainerakoa, itxurak egitea da. Lasai ederrean geratzen gara pellokeria hori botata; izan ere, bizitza sozialaren muina itxurak gordetzea da, kortesiazko arauak ditugulako gara, besteak beste, gizarte eta ez artalde.

Izan ere, natura (berezkotasuna) eta zibilizazioa (arau sozialak) nolabaiteko borrokan ulertzen dira gizarte pentsamenduan. Ekologismoak, esate baterako, naturaren menpeko irudikatzen du gizakia, naturaren zati garenez gero. Feminismoaren borrokaren gako nagusia, ordea, emakumea naturaren morrontzatik askatzea izan da. Natura/Gizartea dikotomiaren inguruko gogoetaren historiak baditu mende batzuk, baina deigarria da gaur egun «naturaltasunak»  irabazi dituen zilegitasuna eta ospe ona kontsumoa, gizakia eta bizitza bera ulertzeko orduan. Pertsona bati buruz adieraz daitekeen politena da «naturala» dela esatea. Eta non bizi dira pertsona naturalak? Oximoron bat da. Hala ere, ustez naturala den guztiari ona deritzogu. Per se. Botika bat ona izan daiteke naturatik badator; hots, adibidez, landareekin,  eginda baldin badago; laborategi batetik badator, aldiz, susmagarria da. Eta paradoxa handi honetan murgiltzen gara: eskatzen dugu ikerkuntza diru publikoaz laguntzea, gaixotasunen sendabidea iker dadin, eta hartarako kanpainak sustatzen ditugu, baita kexa azaldu ere horren «beharrezkoak» ez diren gauzetara bideratzen direlako hainbat esfortzu: zer galdu zaigu Marten? Gerora, aldiz, ikerlariek sortzen duten produktuaz, edozein motatako botikaz, ez gara fio. Ez ei da naturala.

Zalantza barik, naturaren protagonismoa areagotuz, harekin dugun zor erraldoia kitatzen ari gara. Hala ere, bizitza sozialak deus gutxi du natural izatetik.

Bilatu