Nostalgiaren kontra
Iragana behar du herri batek eta iragan loretsua irudikatzen du maiz. Heroiak eta une historiko gogoangarriak eraikitzen eta transmititzen dira, orainaldiaren beharrizanetara egokituta. Horrela izan da beti gizateriaren historian, iraganari buruzko irakurketa komunak lotura trinkoak sortzen dituelako, identitate komunitateak gauzatzen direlako. Batzuetan, iraganaren irakurketa berria exijitzen da, koloniak izan dituzten herrialdeetan gertatzen den moduan, Erresuma Batuan, esate baterako. Edo bertako aborigenek jasandako injustiziagatik barkamena eskatzen da, Australian egin den bezalaxe. Askotan, justizia eta erreparazioa bilatzen direlako, behartuta gaude atzerantz begiratzera. Diktaduran eta ondorengo demokrazia ahul batean bizi izan den herri bat, gurea, alegia, egia azaleratzen saiatzen da eta horretarako behin eta berriz jo behar izaten du iraganera zauriak artatu ahal izateko. Baina iraganetik tiraka etengabe ibiltzea ez da komenigarria.
Iraganaren nostalgia ez da bidaide ona. Haren zurrunbiloan murgilduta bizi dena, garai ustez hobeaz nostalgia mingarria sentitzen duena, ez da gai orainaldiak aurkezten dituen erronkei aurrez aurre begiratzeko, are gutxiago, etorkizuna behar den moduan irudikatzeko. Nostalgia nork bere burua ezkutatzeko babesleku bilakatzen da. Nostalgia, horrez gain, arriskutsua izan daiteke. Ultraeskuinak gogoko du, ez duelako begi onez ikusten egungo aniztasuna kultura ohituretan, identitate sexualetan eta mugimendu soziopolitikoetan. Eta antzinako ustezko homogeneotasuna eraiki nahiko luke berriro ere.
Agian sarriegi jotzen dugu guk ere iraganera euskal gizarteak dituen arazoen konponketaren bila abiatzen garenean, eta idealizatu egiten dugu hura. Hainbesteraino, ezen batzuetan egia bihurtzen baitugu «Francorekin hobeto bizi ginen» esaera famatua. Eta nostalgiak galarazten digu egungo gizartearen konplexutasunaz bai eta lortutakoaz ere jabetzea. Emango diogu begiratu bat euskal nazionalismoaren mende bateko ibilbide ideologikoari?
