Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

«Yamaguchi»

Nafar gizartearen aniztasuna hitz polit bat baino gehiago da: ukatu ezin den egitatea dugu. Ez da erronka makala aniztasun hori demokratikoki errespetatzea eta, aldi berean, norberak amesten duen Nafarroaren alde lan egitea.

Amaia Romero Urbizu musikari eta kantari iruindarraren zalea naiz. Aspaldi ez dela "Yamaguchi" izeneko jota ederra ondu du, Iruñeko parkeak eragindako oroimenak bilduz. Ezer gutxi dakit Amaiaren ezaugarri pertsonalez. Esango nuke feminista dela, baina ez dakit euskara ulertzen duen, adibidez. Deigarria egin zait giro indie eta pop-etan mugitzen denak eta Nafarroatik kanpo bizi omen denak jota modura islatu izana bere nerabezaroa, nola edo hala, nafar loturen indarra ageri baita bertan, nire ustez. Erriberako neska gazte batek honelaxe bota zidan lehengoan: «Hau ulertu behar duzu: nafarrok oso nafarrak gara!». Gaztelaniaz esanda, jakina. Sinetsita zegoen, itxura batean, nafar izateko modu bakarra dagoela: berea, hain zuzen ere; Espainiari hertsiki lotua. Niri neuri, Amaiaren jota hori entzuten dudan bakoitzean, pentsamendu berbera etortzen zait burura: zenbat Nafarroa kabitzen dira Nafarroa berean?

“Nafarroa arragoa” zela kantatu zuen Xabier Letek, paisaiaren aniztasunaren ederra baina gizarte gatazkatsua eta abaildua islatuz, Nafarroatik kanpo ere geure Nafarroa irudikatzen baitugu euskal herritarrok. Nork berea. Hartara, Nafarroa ez da bat eta bera bakarra, Jainkoa bezala. Nafarrak dira bai euskararen zabalpenari mesfidantzaz begiratzen diotenak bai Julio Soto bertsolaria. Chill Mafiaren "Ay k emoción" bezain nafarra da Ibil Bediren "Egurrezko eskuotan". Nafarrak dira Castejongo kaleetan dabiltzan belodun emakume musulmanak, Gabonetan Tuterako balkoietan Jesus haurraren irudiak ipintzen dituzten katolikoak eta Lucio Urtubia anarkistaren oinordeko agnostikoak. Irulegiko eskua Nafarroan aurkitu izanak hunkitu dituenak bezain nafarrak dira garrantzi sinbolikoa kenduko diotenak.

Nafar gizartearen aniztasuna hitz polit bat baino gehiago da: ukatu ezin den egitatea dugu. Ez da erronka makala aniztasun hori demokratikoki errespetatzea eta, aldi berean, norberak amesten duen Nafarroaren alde lan egitea. Elkarri bizkar emanda edo elkarrekin gauzatzen saiatuz egin behar da?

Bilatu