Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Zazpiak bat eginda

Biziki interesgarria izan da Naziometroak bere jardunaren bosgarren urtea ospatzeko antolatu berri duen jardunaldia. Euskal nazioarekin harremanetan dauden joera sozialen bilakaera aztertzen du Naziometroak eta Telesforo Monzon eLab Fundazioaren eta EHUren babesaz dihardu. Esan liteke nazio identitatearen gakoak azaltzea duela helburu, baina, identitate horrek ertz asko dituen heinean, hainbat aldagai bihur daitezke aztergai, dela euskal herritarron atxikimendu politikoa edota ideologikoa, dela biztanleriaren jatorri aniztasunaren ondorioak. Oraingo honetan, euskal lurraldeen arteko kohesioaz, besteak beste, jardun dute aditu batzuek. Haiek esandako gauza batzuk guztiz logikoak izan arren, gutxitan aipatzen dira gure artean. Adibiderik argiena: ezin daiteke egon inolako kohesiorik edo loturarik, ez emozionalik ez ekonomikorik ez politikorik, ezagutzen ez denarekin.

Eta ez dugu elkar ezagutzen, begi bistakoa da, norabide batean batez ere. Hegoaldeko gazte asko egonda daude Londresen, baina nekez heltzen dira Zuberoa ezagutzera. Ezagutza falta horrek, gainera, eragiten du pentsatzea, mahai inguruko partaide batek esan zuenez, norberarena dela «euskal» errealitate osoa. Beraz, ezagutza jartzen dugunean kohesioaren gako modura, baieztatzen ari gara, nola edo hala, Euskal Herria anitza dela eta aniztasun horretaz jabetu ezean oso zaila dela elkarrekin ezer eraikitzea, sinbolikoki bada ere. Errespetuzko ezagutza oinarria da, esango nuke nik.

Hala ere, hizlari batek kontuan hartzeko funtsezko ohartarazpen bi egin zituen. Bata, antolaketa autonomikoak gero eta finkatuago daudela. Jendearen kontzientzian ere, gehitu liteke, batasun sentimenduaren kalterako, agian. Eta bigarrena, egungo mundu zibernetikoaren nagusitasunak lurraldetasuna birpentsatzeko erronka berria dakarrela, ingelesa baita hizkuntza nagusia, adibidez.
Airean hegan zebilen kezka bat suma zitekeen: nola bihurtu egiazko abertzaletasunak berezko duen «zazpiak bat» ametsa. Urrutiago ala hurbilago gaude?

Bilatu