Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

Etxean bezala

Balear Uharteen gainetik hegan goazela erlojuari so egin diot: ordubeteko atzerapena. Hegazkinean sartu aurretik berri eta jakinarazpenak hasi zaizkigu pi-pi-pilatzen: «Itzalaldia espainiar Estatuan». Estresak hartu nauen orduan, oraindik nire guraso eta aitona-amonen herriari, Aljeriari, ez diot agurra eman guztiz. Hurrengo bisitan pentsatzen hasi naiz, eta etorkizuneko planak diseinatzen ari naizen bitartean, argi mozketa «hedatzen» ari dela ohartarazi dute, birus gisan: Portugal, Frantzia eta Alemaniaraino iritsi omen da, Mediterraneoaz bestaldeko Internet datuekin irakurtzen dugunaren arabera.

Madril zapaldu, azkenik, eta “Black Mirror” telesaileko  kapitulu bat dirudi. Kaosa, ilarak, jende masak. Argirik ez dagoela diote, daturik ere ez, inoiz baino jende gehiago kalean. Bidea egiten dugu, poliki; oso poliki. Iluntzean, amaren whatsapp bat: «Ea nola iristen zareten. Hobe han, ezta? (emojia barrez)», askotan «hirugarren mundu» gaizki deituko bere herrialdeaz ari zela. Lur hartan, munduko hamargarren eta Afrikako herrialderik handienean, elektrizitate estaldura-tasa %99ra iritsi da wilaya [lurralde] guzietan eta arazorik ez egunean zehar. Iruñera iritsi eta etxeko atea zabaldu erantzuna eman baino lehen: «Ama, badakizu, inon ez etxean bezala».

Bilatu