Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

Ezlekuak

Uda iritsi da. Eta trena hartu nuen joan den astean. Soziologoa den nire lagun batek ohitura du egoten garen toki guztiak sailkatzeko, WhatsApp taldean aipatzean: Marc Auge soziologoaren definizioaren arabera, gustuko du garraiobideak «ezlekuak» direla esatea, hau da, gizakia anonimoa den espazio gisa. Hotel-kate handiak edota supermerkatuak bezala, inor ez da han bizi, baina toki partekatuak dira, non gorputzak, mugimenduak eta hitzak publikoki nahasten diren. Itzulpena: elkarrizketa guztiak entzuten dira, eta, gizakiak garenez, arreta jarri nien. Hain zuzen ere, adingabeko bi neska frantziar nituen (haiek baieztatuta) aurreko eserlekuan, Espainiatik bueltan egonaldia komentatzen. Horietako batek gizon bat ezagutu omen zuen, «40 urte inguru izanen zituen, ez meuf [neska, frantsesez]?». Normaltasun osoz kalakan ari ziren, nola ligatzen zuten, eta ze dibertigarria zen, eta ea noiz ikusiko duen berriz, eta ze nerbio, eta waouw meuf nolakoak diren espainiarrak, haha hihi... batek besteari galdetu arte: «Hori legala da?». «Ez dakit, baina inork ez du jakinen». Ezleku horretan denok entzun genuen gertatzen ari zena, kontziente eraso bat gerta zitekeela, legezkotasunetik urrun. Denok bagenekien, baina inork ez zuen deus esan, akaso ezlekua ere anonimotasun eta koldarkeriaren lekua baita.

Bilatu