Galtzak jantzita
Aurreko egunean scroll-eatzen ari nintzela, txio batek arreta eman zidan: «Behin 30 urte beteta, zer egiten duzu oraindik baggy praka batzuekin?». Marc Beaugé moda kazetariaren arabera, galtzak dira armairuaren elementu kultural nagusia, generoetatik harago. Prakak emakumeen borroka emantzipatzailearen ikur gisa: Michèle Alliot-Marie kontseilari politiko gazteak 1972an Frantziako Asanblada Nazionaleko aguazilei aurre egin zien, galtzak jantzita sartzen utzi nahi ez ziotelako: «Traba egiten badizue, orain ken ditzaket». Prakak elementu soziologikoa ere badira: sagging delako joera, adibidez, 1990eko hamarkadan oso modan zegoen. Galtzak gerritik behera janzten dira, barruko arropa modu esanguratsuan ager dadin. AEBko espetxeetatik etorri zen, gerrikoak debekatuta baitaude suizidio edo arma gisa erabiltzeko arriskuagatik. XVIII. mendean, Frantziako maila aberatseko hiritarrek galtzamotz estuak janzteko ohitura zuten; aldiz, Hirugarren Estatuko jendeak galtza luzeak janzten zituen. Greba orokorraren bezperan, 1793an argitaratutako sans-culottes-en propaganda ekarri nahi nuen hona: «Zer da sans-culottes-a? Dirutzarik ez duen pertsona, ez gaztelurik, ez eta zerbitzatuko duten miraberik ere (...) eta Errepublikaren alde azken odol tanta ere isurtzen» duena. Greba on denei!
