A zer bero, ez? Bai, badakit, eguraldiaren gaia izan da zure komodina azken asteotan igogailuan, okindegian edo lankideekin. Zer eginen diogu ba? Nik tenperaturaren igoerarekin bi aukera ditut asteburuan: 1) Pertsianak jaitsi, leihoak itxi gaueko freskura mantentzeko, eta, larba baten gisan, kusku bat sortzen dut etxean nire konfort zona osatzen duen guziarekin: liburuak, filmak, musika eta maite dudan jendearekiko elkarrizketak. 2) Etxetik ospa egin, eta igerilekura joan bainatzera.
Alde handiena espazio horien artean, erosotasunetik aparte, irekitasuna da. Lehena gune pribatua eta itxia da; aldiz, piszina espazio soziala da, irekia, honek dakarrenarekin. Igandean eman nuen denboraldiko lehen bainua, animatu ziren beste hainbat udazale nire inguruan. Une isilen artean, zenbait elkarrizketa puska publikoki aditu ziren, nerabe, familia gizon edota neska gazteen ahotik. Hona antologia bat: «zuri ere molatzen zaizkizu negritoak?», «bihar zezenetarako sarrerak aterako dira , zenbat nahi dituzu?», «puaj! begira ze lesbiana itxura duten horiek!». Edonork esanen lidake etxean geratzeko, baina igerilekua da nire beste konfort zona bat da. Ups. Hori bai, etxera itzuli nintzen intsolazioarekin, eta ez pentsa bero olatuaren erruz izan zela, 24 gradu soilik jasan genituen.