Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

Sozializazioa

Niri tradizional adjektiboa gakoa iruditu zait, lege zaharrari dena barkatzen baitiogu.

Lagun batek mezu bat bidali zidan duela pare bat aste, kexu ari zitzaidan kontu batekin. Bere arazoa-edo lotsaz adierazi zidan: kosta egiten zaio harremanetan hastea. Lagunak egitea. Euskal Herriko hiriburu batera bizitzera etorri zen duela zenbait hilabete, eta agudo euskaldundu zen. Eremu ia %100 euskaldunean mugitzen da egun, eta euskaltegian ez ezik bertze zirkulu batzuetan ere aritzen da, militantzia barne. «Ez da batere erraza, ez bainaiz kanporakoia» gehituz bukatu zuen mezua. Penatu nau bere aitorpenak. Izan ere, ongi ezagutzen dut pertsona, eta bere sozializatzeko prozesua oztopatzen duena –nolabait esateko– asmatu dut berehala. Zuzenik erran gabe, lerro artean nabarmendu dira bi elementu: alkohola eta kuadrillak. Hitz zehatzak aipatzea ez zen behar, lotura ikusezina argitan ezartzen baitzaio esperientzia bizi zuenari.

Joan den urteko elkarrizketa batean, Aitor Bazterrika soziologoak aipatu zuen lagunartean edatea dela «sozializazio eremu tradizional batean egotea bezalakoa», Iruñeko kasua hartuta (erraz deklina daiteke Euskal Herri osoan).

Niri tradizional adjektiboa gakoa iruditu zait, lege zaharrari dena barkatzen baitiogu. Zuek erbesteratuko bazinete, nola sozializatuko zinatekete? Tradizioari fidela izanez?

Bilatu