Oroitzapenak

OROITZAPENA

HAINBAT BELAUNALDIRENTZAT ERREFERENTE

“Txomin ZILUAGA“

(1939-2012)

Txomin

Txomin Ziluagaren heriotzak samina zabaldu du militante abertzale eta ezkertiarren artean, Ziluaga erreferente izan baita hainbat belaunaldirentzat.

Erandiotarra jaiotzez, 29 urterekin atxilotu zuten eta zazpi urte egin zituen kartzelan. Ibilbide politiko erreferentziala izan zuen gerora, 80ko hamarkadan, HASI alderdiko idazkari nagusi gisa lehenengo eta Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kide gisa geroago. Indar politiko horren izen nagusietako bat izan zen urte haietan.

Hamarkada horren bukaeran, ETAren eta Gobernu espainolaren arteko Aljerreko elkarrizketen atarikoetan, krisialdi larri bat izan zen HASI eta KASen baitan. Horren ondorioz, Ziluagak idazkaritza nagusia utzi zuen eta 1988ko hasieran Mahai Nazional berria osatzeko ez zuen bere burua aurkeztu.

Krisi gogorra izan bazen ere, bere iritzi politiko sendoak eta konpromisoa ez ziren aldatu eta Ziluaga ez zen beste inora joan.

Ziluaga beti defendatu dutenak zein kontra izan zituenak bat datoz bai gizaki bai ekintzaile politiko gisa zuen maila nabarmentzeko orduan, baita proiektu politiko independentista eta iraultzailearekiko zuen konpromisoa aitortzerakoan ere, are bere burua gaizki tratatua sentitu zuenean.

Urteetan publikoki agerpenik egin barik egon ostean, ezker abertzaleko bere kide guztiekin agerraldia egin zuen eta 1997an espetxeratu zituzten Mahai Nazionaleko kideei erabateko sostengua eman zien. Ondoren, lehen lerroan aritu zenean bezainbesteko indarraz izan ez bazen ere, Euskal Herritarrok proiektuan hartu zuen parte, eta aurre-aurrean aritu zen Batasunaren egoitzak defendatzen, 2002an ilegalizazioaren ondoren indar polizialak horiek ixtera joan zirenean.

Ezker abertzaleak emandako bira estrategikoaren alde ere publikoki agerraldi nabarmena izan zuen beste militante historiko batzuekin batera, 2010eko urrian. Izan ere, Altsasuko Mahaian parte hartu zuten beste buruzagien ondoan, «fase politiko berri bat zabaltzeko» beharraren alde egin zuen Txomin Ziluagak.