Andoni Urbistondo (Argazkiak: Joseba Oiarzabal)
Alpeetako irudia.
Alpeetako irudia.

Suitzako Alpeak, ametsetako parajeak

Suitza ametsezko mundu bateko herrialdea da, paradisua. Alpeek mendebalde-ekialde zeharkatzen dute lurralde hori hegoalde osoan, eta erpin, tontor, bailara, belaze, ibai, laku eta herriek maitemindu egingo zaituzte.

Alpeek Europako dozena erdi herrialde hartzen dituzte. 1.200 kilometro da luze mendilerroa, eta 400 bat zabaleran. Suitza eta Austria dira Alpeetako berezko herriak; batez ere, Suitza. Zirkulua ixten badugu, plaza ezagunenetako batzuk, hauek: Zermatt, Interlaken, Saint-Moritz... Interlaken-Brienz-Grindelwald hirukian, udako proposamen hau du ardatz erreportaje honek. Egonaldia Brienzeko kanpineko bungalow batean, mendi irteerak abiatzeko gune Grindelwald, Eiger menditzarraren magalean, eta bisita turistiko lasaiagoak Interlaken, Alpeetako Monako, eta Bernara, Suitzako hiriburura. Astebete, Suitzan, Alpeek ezer txarrik ez dutela jabetzeko. Dena baita ederra, garbia, harrigarria.

Suitza paradisua da. Suitza perfekzioa da, ezinezkoak diruditen paisaiak nonahi. Norberari bere argazki, koadro gustukoena marrazteko eskatu, eta, akaso, ez luke lortuko Suitzako Alpeek daukaten distira berdintzea. Denok harritu ginen Heidiren marrazki bizidunetan azaltzen ziren mendi puskekin, herrien dotoreziarekin. Bada, Heidi fikzioa dela dakigun heinean da benetakoa Suitzako Alpeen eremua. Parekorik gabea.

Berna hiriburutik 50 kilometrora dago Interlaken, Suitzako hiririk turistikoenetakoa. Han batzen dira Europako tren garaienera, Jungfraujoch-era, igo nahi duten milaka bisitari (3.400 metro). Bernako Alpeen mendigunea hasten da han, eta bertan Eiger (3.970 m), Jungfrau (4.158 m), Finsteraarhorn (4.274 m) eta beste mendi ugari tentetzen dira, piramide, hormatzar edota erlaitz ikusgarri itxura hartuz. Eta horien azpian herri dotore askoak, belaze berdeak margotuz.

Halakoxea da Brienz, Brienzersee aintziraren ekialdeko ertzean dagoen 3.000 biztanleko herrixka, edota Grindelwald ezaguna, askoz turistikoagoa, eta Suitzako eski estazio handienetakoa. Grindelwald Eiger handiaren magalean barreiatzen da, eta horrek, berez, sona handia emango lioke edozein herriri. Alpinisten desio bazterrezina izan baita hamarkadetan, munduko ipar horma ezagunenetakoa. Mendiaren izenak ere laguntzen du, mitifikazio horretan. Eiger «mamua» da alemanez.

Suitzan atentzioa ematen duen beste detaile bat. Kale eta zoko guztiak urrearen pare daude. Inon inoiz ez da zikinkeriarik ikusten. Bertakoen hezkuntzak, noski, laguntzen du egoera horretan. Baina traba bakarra dauka Suitzak: bizitza maila. Garestia baita, Euskal Herrian daukagunarekin alderatuta. Astebete eroso antzean ibiltzeko 1.000 edo 1.500 euro behar dira diru zorroan. Bi datu. Litro erdiko garagardo batek, Suitzako 8 franko balio zuen 2015ean. 6 bat euro. Are argigarriagoak, garraio publikoaren tarifak. Interlakenetik Brienzera 20 minutu daude trenean. Txartelak 15 euro balio zuen!!! Argitzea komeni, badela garraio publikoak erabiltzeko halako txartel berezi bat. Diru kopuru polita ordaintzen da, 200 euro inguru, baina nahi beste erabil ditzakezu garraio publiko guztiak.

Brienz-Interlaken-Grindelwald hirukia

Brienzen bada kanpin dotore bat, lehen mailakoa. Aaegg izena du. Bungalow piloa eskaintzen du, Brienzeersee lakuaren ondo-ondoan. Txoko ederra. 1.000 bat euro, zortzi egun, lau lagunentzako bungalow koskorra. Zerbitzuak, primerakoak. Nahi izanez gero, bertan etzanda eman ditzakezu opor guztiak. Baina euskaldunak bereziak gara, mugitu egin behar; zer esanik ez, halako mendi ingurunean egonda. Euskal Herritik Brienzera 1.150 kilometro daude, eta auto bidaiako nekeak B plana aktibatzea dakar. Mendira joan, bai, baina trenean. Suitza mendi puntetaraino eramaten duten kremailera-trenen erreinua delako.

Brienzern Rothorn delakoa lurrun-lokomotorra erabiltzen duen Suitzako bakarra da, eta 128 urteko historia aberatsa du. Brienzen bertan abiatzen da, geltoki ondoan, eta Rothorn mendiaren magalean bukatu, 2.244 metrora. Ordu erdi pasatxo behar da goraino iristeko, baina bidea ikaragarri ederra da, Brienz eta bere aintzira ia beti begi bistan.

Gailurrean ordu erdi inguruko osteratxo erosoa egin daiteke, baina aisiaaukera guztien artean, bat nagusi: terraza batean eseri, garagardo on batekin, eta Finsteraarhorn piramide dotoreari begira geratu (4.274 m), denborak garrantzirik izanen ez balu bezala. Ausartentzat, herritik bertatik ere oinez igo daiteke, eta tren txartelaren 70 euroak aurreztu.

Interlaken bailarako herri jendetsuena nekagarri samarra da. Txinatar dirudunen Alpeetako geltoki bilakatu da, eta bitxikeria garestien herri. ‘Suitzako Monako’, gida liburuek diotenez. Otordu soilak garestiak dira (20-25 euro), eta aukera merkeena Harder Kulm behatokira igotzea da. Oinez ordubete, 1.300 metroraino; funikularrean 10 minutu.

Behatokian, nola ez, jatetxe dotoreak... eta norberak eramandako janaria dastatzeko debekua. Baina behatokian... Jungfrauko mendi multzo guztia, Interlakeneko bailara... Ederra! Kanpinera bueltan, Iseltwald herrixkan geratzea komeni, Brienz baino kilometro batzuk lehenago. Laku ertzean dauden ehunka herri ikusgarrietako bat, zoragarria benetan.

Zer esan Grindelwald-i buruz, Heidiren etxea. 1.000 metrora dagoen bailara dotorea. Trenbideak eta mendi bideak han eta hemen, eta inguru guztian sekulako mendi puskak, batzuk bailara baino 3.000 metro gorago. Turista askorentzat geltoki hutsa da Grindelwald, Jungfraujoch-era bidean trenez aldatu behar baita bertan (3.400 metrora igotzen den trena, Europako garaiena). Oso txango erakargarria da, baina txartelaren salneurriak beldurra ematen du: 200 euro. 1992an askoz merkeagoa zen, garaiko bost mila pezeta!

Kleine Scheidegg eta Faulhorn, zoragarriak

Grindelwald-en, udan, dozenaka txango polit egin daitezke. Bi proposamen. Kleine Scheidegg tren geltokira, lehena, eta Faulhorn mendira, bigarrena. Bigarren hau gogorragoa. Klein Scheideegera doan mendi bidea kremailera-trenbidearen ondotik doa, 2.100 metrora dagoen geltokiraino. Brandegg eta Alpiglen herrixka pintoreskoetatik pasatzen da bidea, eta denetan, tabernatxoa, giza tentazioa beti gertu.

Benetako tentazioa, ordea, 2.000 metrora iristen denean dator. Bideak Eiger Trail (Eiger mendi bidea) ezagunarekin egiten du bat, eta bi mila metroko hormatzarraren azpian pasatzen da ibiltaria. Horrek halako tentsioa sortzen du. Baina azkar pasatzen da. Ordu erdi geroago, geltokiko terrazan, garagardo fresko bat ondoan duzula, eta Eiger menditzarra aurrez aurre, beldurrak aise ahazten dira.

Bigarren txangoa, Faulhorn mendira. Hau ere oinez, Grindelwaldetik 1.700 metroko desnibela dago, serioa, Faulhorn gailurrak 2.681 metro baititu. Txangoa belaze eta zuhaizti ikusgarrietan barrena egiten da, Eiger beti zaindari. Bost orduko bide nekosoaren ostean, ttak, Faulhorn: belar mendia, eta hotel bat gailurrean.

Munduaren jabe sentitzen da norbera, freskagarri eta otordu goxo batekin gozatuz. Eiger eta beste hamaika mendi daude, hegora, eta iparrera, Brienz herria eta Brienzersee aintzira, 2.100 metro beherago. Bederatzi orduko irteera nekagarria samurtzeko Aaregg kanpin ondoko lakuan bainu lasaigarria hartzea baino gauza hoberik ez dago. Ura, hori bai, fresko dago.

Bi txangoen artean, komeni da turismo pixka bat egitea, giharrak lasaitzeko. Bi aukera on daude Brienzetik. Luzerna, edo Berna hiriburua. Biak antzeko distantziara daude, 60 kilometro ingurura. Gure hautua, Berna, Suitzako hiriburua delako. Bernak 100.000 biztanle pasatxo du, eta Aar ibaiak inguratzen du hiriko alde zaharra, meandro ikusgarria marraztuz.

Xarmanta da alde zaharra, Suitzako erloju eta eliz dorre anitzez hornitua. Katedrala bisitatu eta dorrera igotzea komeni, etengabe kiribiltzen diren ehunka eskaileretan barrena. Berner Munster da bere izena, eta Suitzako dorre handiena da, 100,6 metrorekin. Goitik hiriburuaren bista zoragarria dago.

Egun osoko bisita aprobetxatzeko, Aar ibai ondotik osteratxoa egin daiteke, Bernako hiritar asko han elkartzen baitira eguneroko martxatik ihes egiteko, batez ere udan. •