Isidro Esnaola
Panorámica de las montañas de Altai.

Marshrut 77, taiga ezagutzeko Altai mendilerroan ibilbidea

Errusia, Kazakhstan, Txina eta Mongoliaren arteko mugan zabaltzen den Altai mendilerroak aukera polita eskaintzen du taigara hurbiltzeko eta inork zanpatu gabea dirudien naturaz gozatzeko. Ustekabez eta sentsazioz beteriko ibilbide zoragarria.

Marshrut 77 bideak («77 ibilbidea», errusieraz) Altai mendilerroa iparraldetik zeharkatzen du, Ob errekaren iturburuan hasi eta Teletskoie (urrezko) aintziraraino. Sobietar Batasunaren garaian oso zabalduta zegoen ibilbide hori egiteko ohitura. Udako hilabeteetan bi egunetik behineko maiztasunarekin mendizale talde bat abiatzen zen hori egitera. Garai hartan, irteeran eta amaieran aterpe bat zegoen eta ibilbidearen erdialdean beste aterpetxo bat. Horiek ziren mendi bideko azpiegitura guztiak. Erdiko aterpea helikoptero baten bidez hornitzen zuten eta mendizale taldeak atsedena hartzeaz gain elikagaiak ere jasotzen zituen ibilbidearen bigarren zatiari ekiteko. Perestroika garaian aterpeak pribatizatu egin zituzten eta hortik aurrera 77 ibilbidearen gainbehera etorri zen.

Bideak inguru basatiak zeharkatzen ditu. Altai Errepublikak 93.000 kilometro koadro ditu, Portugalen pareko azalera, eta apenas 210.000 biztanle. Gehienak errepublikaren ertzetan bizi dira. Gainerakoan, lurraldeak ukitu gabe jarraitzen du, ehiztariak besterik ez dira ibiltzen. Gaur egun, mendizale gogotsu batzuk kenduta, inork ez du ibilbide hori egiten. Gainera, azpiegiturarik gabe nahiko gogorra egiten da, bizkarrean hartu behar baituzu 13-15 egunetarako mantenua. Ibilbide osoan, munduko gainerako guztiarekiko lotura bakarra sateliteen bidezko telefonoa da.

Taiga

Altai mendien hegoaldea esteparen klima eskualdean kokatzen den bitartean, iparraldea taiga eremuan sartzen da eta Marshrut 77 ibilbidea ere hortxe dago. Taiga eremu natural zabalena da, Eurasia osoa zeharkatzen du Eskandinaviatik Japoniako Hokkaido irlaraino. Beheko muga 42. paraleloan finkatu da, Hokkaido irlan, Euskal Herriaren parean. Kontinentean, beheko muga goraxeago dago. Goiko muga, aldiz, 74. paralelora iristen da, Siberiako Taymur erregioan. Eremu umel eta hotza da eta baso koniferoa izatea da bere ezaugarri nagusia. Taigaren mugan kokatzen da Altai mendilerroa, horregatik 1.200 metrotik gora baino ez dugu topatuko taiga basoa. Orain dela urte batzuk, 1.800 metrotik gora ez zegoela basorik gogoratzen dute bertako biztanleek. Gaur egun 2.000 metroan kokatzen da zuhaitzen goiko muga. Klima berotzeari esker, nonbait, basoaren goiko muga 200 bat metro igo da azken 20-30 urteetan.

Ibilbidea

Barnaul hiritik abiatu, eta lehenengo egunean Edigan herrixkaraino iritsi ginen, Katun errekaren ondoan. Garai batean aterpe bat zegoen bertan. Biharamunean, hortik hasi eta 16 egun geroago Urrezko Aintziran (Teletskoie ozero) bukatu genuen. Tartean hiru atseden egun egin genituen. Batez beste 20 km egiten genuen egunean; hasieran gutxiago, pisu handia generamalako, eta amaieran, tarte luzeagoak. Bidea 600 bat metrotan hasten da. Lehen egunean altuera irabazten da 1.600 metrora iritsi arte. Gainerakoan, 1.200 metrotik gora doa bidea. Puntu garaiena Mayak (itsasargia) tontorra da (2.600 metro), eta ibilbidearen bosgarren egunean gainditu genuen.

Landareak 1.200 metrotik gora hostoerorkorren zuhaitzak desagertu egiten dira, batez ere urkiak (beryoza, errusieraz); eta koniferoak soilik gelditzen dira: pinu arrunta, pinu gorria, izeiak, laritzak. Horien artean, Siberiako zedroa da zuhaitz nagusia. Bere azikulek boskoteak osatzen dituzte. Oso zuhaitz urtetsua da, 800 urte izatera irits daiteke. Haranetan 40 metroko aleak ikusten dira. Goialdeetan, aldiz, askoz txikiagoak izaten dira. Bere ezaugarriengatik oso landare garrantzitsua da taigan. Bere hostotza trinkoak zuhaitzaren orpoa lehor egotea ahalbidetzen du. Taigan topatuko dugun leku siku bakarra zedro horien oina da. Gainera, larrialdi batean azalak erraz hartzen du sua. Bere izerdia oso eranskorra da. Arropak zikinduz gero, ez dago modurik zedroaren izerdia kentzeko.

Basoaz gain, landaretza oso aberatsa da. Belar eta lore mota ezberdinak bata bestearen atzetik agertzen dira. Hezetasunak eta hotzak finkatzen dute bakoitzaren txanda. Kuku-belarren (aquilegia) lore urdinak ekainean eta laranjak udan (ogonyok). Zelaiak loreen arabera joaten dira kolorez aldatzen uda osoan zehar. Irail hasieran, udazkeneko okreak dira nagusi. Laster txuria bilakatzen da kolore bakarra negu osorako. Leku garaietan ez dago zuhaitzik, baina zuhaixka batzuk hazten dira, jatorriz tundrakoak, esaterako, urki nanoa (Betula nana) edota Salix polaris. Zuhaixka hauen garaiera elurraren kotak finkatzen du. Neguan elur geruzaren gainean azaltzen diren adaxkak hotzak akabatzen ditu gupidarik gabe. Nahiko traba handia egiten dute ibiltzerakoan, adaxkek elurraren pisuarengatik-edo forma ahurra hartzen dute eta pauso bakoitzean hanken artean trabatu egiten dira.

Eguraldia

Eguraldia nahiko aldakorra da egunean zehar. Taigan ia egunero egiten du euria. Euri-jasak, ekaitzak eta xirimiria tartekatzen dira. Azkenean, hezetasun trinko eta gogaikarriak dena harrapatzen du. Errekak ere emaritsuak dira eta erosio handia eragiten dute. Tarteka, zenbait lekutan ibilgu zahar lehorrak ikusten dira eta aldamenean ubide berriak, erosioaren ondorioz eroritako arrokek ibaiaren norabidea aldatu dutelako. Ekaitzek suteak eragiten dituzte. Bertan ez dago inor suteak itzaltzeko eta berez-berez itzaltzen dira. Ez da arraroa mendi magal luze bat osorik erreta ikustea. Zenbait lekutan zuhaitzik gabeko muinoak ere ikusi ditugu. Horietako batzuetan zuhaitz gutxi batzuek erreta ere zutik irauten dute. Ezaugarri horiek lurrak burdina ezkutatzen duen seinale dira, eta horregatik tximistorratz moduan funtzionatzen dute.

Fauna

Animaliei dagokienez, Altaiko taiga aberatsa da. Erreka eta lakuetan erraz topa daitezke amuarrainak. Beste arrain espezie endemiko bat timaloa da (Thymallus arcticus), baina aintzira jakin batzuetan baino ez dira bizi. Ugaztunei dagokienez, zaldi taldeak ikusten dira. Hartzak, oreinak eta bestelako animalia handiekin, ordea, arrastoak soilik topa daitezke; oso zaila da halakoak ikustea, pertsonengandik alde egiten baitute. Bero handiko egunetan agian, zortea lagun izanez gero, ikus daitezke hartzak mendi tontorretatik jaisten. Hori bai, bailara batetik bestera pasatzeko den-denek erabiltzen dituzte bidezidor berberak: oreinak, hartzak, ehiztariak eta mendizaleak... Ez dago jakiterik zein dabilen zeinen atzetik, baina bidexka horiek taigako autobide modukoak bilakatzen dira.

Lurra

Leku askotan lurra lohitsua da, zingirak osatzen dira bailaretan. Nonahi egin dugu topo errekatxo, erreka eta ur-jauziekin. Horien inguruan uraren zarata izugarria bada ere, pixka bat aldenduz gero, berehala etortzen da isiltasuna. Bidelagun bihurtzen den beste soinu bat txorien kantuak dira, baina hauek, batez ere, haranetan entzuten dira. Mendian gorako bidean eta kanpalekuetan noizean behin mokoker gorri bat agertu zaigu. Gainerakoan, isiltasuna da nagusi taigan.

Kanpalekuak

Ibilbidean azpiegiturarik ez dagoenez, kanpin dendetan egin dugu lo. Kanpatzeko lekuetan sua piztu dugu: kozinatzeko ez ezik, eltxoak urruntzeko ere lagungarria baita kea. Zenbait kasutan eragina izaten du, baina beste batzuetan alferrikakoa da. Eltxoak egunsentian eta iluntzean agertzen dira nagusiki, eta orduan jai izaten da. Kanpalekuetara hurbiltzen den beste animalia bat urtxintxa marraduna da. Lau marra ditu bizkarrean eta, kondairak dioenez, hartzari intxaurrak lapurtzen ari zela, hura esnatu eta erpeak luzatzearekin batera urtxintxak alde egitea lortu bazuen ere, atzaparrak bizkarrean marraztuta gelditu zitzaizkion.

Baiak

Taigan mota askotako baiak topa daitezke. Errusiarrek ederki estimatzen dituzte. Udan eta udazkenean biltzen dituzte marmeladak egiteko. Kontserba horiek neguko bitamina iturri garrantzitsua izaten dira. Euskaraz ez dugu horietako gehienentzako izenik. Ahabia edo aran mota ezberdinak dira: urdinak, beltzak, gorriak...

Taigako idatzi gabeko araua Taigan, ehiztari eta mendizaleek kanpaleku inguruko zirrikitu edo zuhaitzen batean gordeta uzten dituzte soberan dituzten elikagaiak, hurrengo baterako; edo beste inork behar izanez gero, hartzeko. Idatzi gabeko arauak dio ezin dela topatutako dena erabili, gehienez ere herena. Gainerakoa ondorengoentzat utzi behar da.

Espazioko arrastoak

Orain dela sei bat urte Baikonurretik jaurtitako suziri bat lehertu zen eta zatiak Altai mendietan erori ziren. Ibilbidean zehar zentimetro eskas batzuetako zatitxoak topatu ditugu, baina 2,5 metroko luzera duten puskak ere bai, benetan itxura apokaliptikoa emanez inork zanpatu gabea dirudien eremu honi.

Taigan barrenako bidaia Teletskoie aintziraren ertzean amaitzen da, errusiar erako sauna batean. Txangoa biribiltzeko vodka edatea... aukerakoa da.

Honi buruzko guztia: Mendibide