Pedram Yazdani Hejazi
.

Georgia: zeharkaldiz zeharkaldi, Kaukasoko bihotzeraino

Tbilisi hiriburuko giro alaia, bailara glaziarrak, mendi ezin ederragoak eta urruneko herrixka arbeleztatuak, abegi oneko georgiarrak eta bertako ardo entzutetsua, jaialdi orotan hain oparo isurtzen... osagai horiekin guztiekin, herrialde hau itzultzeko gogoa ematen duten jomuga horietakoa da.

Kaukaso Handian, Itsaso Beltzaren eta Kaspiar itsasoaren artean 1.200 kilometroko ilaran katigatutako mendi basatietan, muga tirabiratsuak, denboran ainguratutako kulturak eta borroka ankerrez jositako historia txirikordatzen dira. Mendilerro handi horrek bereizten ditu iparraldean Errusiar Federazioko zazpi errepublika autonomoak eta Hegoaldeko Kaukaso edo Transkaukasia eskualdea, Georgiak, Armeniak eta Azebaijanek osatua. Persiar, errusiar, turkiar eta mongoliarrak gogor tematu izan dira lur malkartsu honekin. Oraintxe goian oraintxe behean zeuden errepubliken eta inperio handien arteko botere guda horien ondorioz oso hiri eklektikoak sortu dira, esaterako, Tbilisi, Georgiako hiriburua.

Tbilisik lau haizetara zabaldu dezake eskualdeko hiririk atseginenetako bat dela, arrazoi dauka-eta. Udan bero egiten du, baina gaugiro bizia dauka, biztanle guztiak aldi berean haize freskoa hartzera kaleratu direla ematen du. Haurrak hara eta hona dabiltza alde zaharreko harrizko galtzadetan korrika, kafetegiek terrazak zabaltzen dituzte aterik sekula ixten ez duten saltokien parean, eta bat-batean orgatxo lurruntsuak agertzen dira bertako janari tipikoak eskainiz: khachapuri (plater nazionala, ogi betearen antzekoa), khinkali (ravioli erraldoi beteen modukoa), qabadi edo badrijani.

Hiriaren zalaparta betearekin eta giro txinpartatsuarekin kontraste bitxia sortzen dute une horretan bertan bainuetxe ugarietatik ateratzen direnek, nasaiturik eta begirada galdu antzean Narikala harresi argituan edo harago. Milioi bat biztanle baino zertxobait gehiagorekin, harrigarria da ibilgailuen zirkulazio kaotikoa, mugitzean hiri lasai honen taupadak bizkortzen dituztela baitirudi. Sololaki muinoan hogei metroko estatua handi bat jalgitzen da, hiria bere begiradapean duelarik, 1958tik: Kartlis Deda edo “Georgiaren ama”, emakume gudaria.

Armeniako Erevan hirian bikia dauka, baina honen jarrera pixka bat samurragoa da, etsaiari aurre egiteko ezpata ez ezik, ezkerreko eskuan kopa bat daukalako, asmo onean datozenei ardoa eskaintzeko. Tbilisi hiri xarmagarria da, benetan, baina herrialde honen benetako altxorra mendi malkartsu eta handietan dago. Gailur horietara abiatu aurretik ondo hornitu beharra daukagu, janaria, ekipoak eta mapak eskuratuz, Georgiak eskaintzen duen trekking aukera sorta zabalari etekina ateratzeko. Ondoko lerroetan, ibilbide interesgarrienetako batzuk azalduko ditugu.

Omalo-Shatili trekkinga: Tushetiko arbelezko herriak

Distantzia: 75 km.

Altitude gorena: 3.413 m.

Altitude txikiena: 1.360 m.

Desnibel positiboa: 2.948 m.

Desnibel negatiboa: 3.578 m.

Ibilbide mota: Ez da zirkularra.

Zailtasuna: Handia.

Georgiako helmuga urrunekoen eta bihurrienetako baterantz abiatu gara, kontraesana badirudi ere trekking ezagunenetakoa den honen bidez. Mendi arteko ibilbide luze eta gogor honen lehen etapan, Omaloko muinoaren gorenean zutitzen diren arbelezko lehen dorreak (Tusheti eskualdeko herri nagusia da Omalo, herrialdearen ipar-ekialdean), 2.000 metroko altituderaino luzatu nahi dutela dirudi.

Zaila da Omalorako garraiobiderik aurkitzea, baina komeni da lehenbailehen iristea, eta txangoa pare bat orduz aurreratzea paraje ia-ia basatiak igarotzen dituen zeharkaldi luze honetako aldapa nekagarria gainditzeko, kanpatzeko zelaigune bikain batera eramaten duen lehen igoera hori eginda. Atsedenaldiaren ostean, bigarren etaparen hasiera ez da hain astuna: maldan behera eginez Dartlo herrirantz, ibai eta arroka arteko arbelezko labirintorantz. Etapa honetan Pirikita Alazani ibaiaren ibilguari jarraitu diogu, Chesho eta Parsma herriak igaro eta Girevin ustekabeko polizia kontrol batekin topo egin arte. Hortxe bertan, ipar muinoaren gaineko dorre abandonatuek agur esan diote eguzkiari, eta irudia paregabea izan da.

Egunsentiak bide sigi-sagatsu batean harrapatu gaitu, Kvakhidistskhaliko ipar bailararen erdi partean. Esan dezagun bide batez tskhali hitzak «ura» esan nahi duela georgieraz. 14 kilometro ingurutan herrixka abandonatuak agertu zaizkigu han-hemenka, esaterako, Chontio. Landarediaren ugaritasun eta aniztasuna ikusi eta ezin sinetsita irribarre egiten dugu aurrera goazelarik. Atsuntako pasabidean barneratu aurretik, 3.413 metroko altueran, Kvakhidi da artzainek erabiltzen duten azken oinarrizko kanpamentu xumea. Pixka bat aurrerago, buruko nagiak aterarazi dizkigu ur izoztuko erreka bat zenbait aldiz gurutzatu beharrak, harik eta hurrengo bailarara iritsi garen arte, mendebalderantz.

Hortik aurrera landaredia desagertu egin da, birikek nola edo hala jarraitzen dute lanean, dena geldotzen da, eta harritza nagusitzen da, ertzik gabeko alfonbra bat bezala hedatzen. Bihurgune bakoitzean, begirada goratzen dugu Atsuntako zorioneko pasabide hori bilatu nahian, eta azkenean, ferra itxurako zintzur batek alde banatan hedatzen diren mendien itsaso zabala agerian utzi du. Tusheti urrunekoa, atzealdean, eta Khevsureti aurrealdean.

Jaitsieran, bi aldapa gogorri ekin diegu... hasierako igoera anker hura faltan hartzeko besteko gogorrak. Lehenengoa, pasabidean bertan abiatzen da. Bigarrena, mila metro ingurukoa da eta Kkhomitskhali errekaraino doa. Bataren eta bestearen artean, bost kilometro egin ditugu lau-lauan, eta belaunei arnasa apur bat eman diegu, Khidotanira iritsi garen arte, hau da, Khevsuretiko lehen artzain kanpamentua, Georgiako ekialdeko eskualde ikoniko horretan.

Shatili hiribildu historikora iritsi arteko azken 18 kilometroetan ubidearen ertzetik egin dugu, gainean ditugularik hainbat herrixka, hala nola Mutso, non arbel harriak oreka galdu eta amildegirantz erortzeko zorian diruditen, edota Shatili ondo berreraikia, eta hemen ugariak dira ostatu hartzeko aukerak nahiz eta oinarrizko samarrak izan. Eskas zera, ordea, hemendik ateratzeko garraiobideak.

Svaneti eskualdea: Findu gabeko harribitxia eta mendekuaren dorreak


Svaneti goi mendiko eskualdea da, Unescok munduko ondare izendatua, eta «Georgiaren altxorra» deitzen diote. Horixe bera pentsatuko zuen Mikhail Saakashvilik, herrialdeak independentzia lortu zuenez geroztik izandako hirugarren presidenteak (2004-2007 urte artean, arrosen iraultza gisa ezagutzen denaren ostean, eta 2008-2013 urte artean izan zen lehendakaria). Izan ere, berak proiektatu zuen aireportua Mestiarako, 1.500 metroko altitudean dagoen hiribururako.

Era berean, alpetar herrien kutsu moduko bat eman nahi izan zion, eta horrekin batera, museo etnografiko garesti baina erakargarria inauguratu zuen. Alferrik, ordea. Ez mundura bat-batean irekitzeko ahalegin horrekin eta ez lehenengo errepide asfaltatuaren etorrerarekin duela mendi erdi, sobietarren eskutik, Svanetik ez dio utzi paraje apartatua izateari, lekutan jarraitzen du. Eta gauza bera gertatzen da bertako hizkuntzarekin, svan delakoarekin: duela hiru mila urte baino gehiago bereizi zen kaukasoar hizkuntzetatik, nahiz eta baduen haiekin ezaugarri komun bat, hau da, bokalik ia-ia eduki ere ez egiteko gaitasuna.

Harribitxi honek ez du inor zapuztuko. Mestiatik abiatzen den edozein bide edo errepidetatik zoazela ere, benetan ñimiño, ezdeus, sentituko zara, glaziar mihien eta haitz orratzen artean osatutako kremailera erraldoi horretan barrena. Haitzarte baten goian, ezinezkoa dirudien leku batean, svan dorre bat agertuko da, lurralde honetan bizi izan ziren svan izukaitz eta adoretsu haien lekuko. Bertako geografia eta historia malkartsu hori biztanleen aurpegi zailduetan islatzen da, beraien abegikortasun paregabearekin kontrajarriak diruditen hazpegietan. Baina dorreen historiari erreparatu, eta jabetu gara etxean mutil bat jaiotzen zenean eraikitzen zituztela halako dorreak, eta inbaditzaileak zelatatzeko erabiltzen zituztela, berdin urrutikoak izan ala auzoko herrixkakoak. Badirudi georgiarrei ere ez zaiela arrotz egiten vendetta edo mendekuaren legea, hemen ere, ustez abolituta egon arren, erabat errotuta baitago.

Mestia-Koruldi aintzirak trekkinga: Idoi txiki erraldoiak

Distantzia: 21 km.

Altitude gorena: 2.740 m.

Altitude txikiena: 1.403 m.

Desnibel positiboa: 1.459 m.

Desnibel negatiboa: 1.459 m.

Ibilbide mota: Zirkularra.

Zailtasuna: Handia.

Mestia Svaneti eskualdeko hiriburu apartatuaren gainean, mila metrora, Tshkhakezagari gurutzea dago. Izena ahoskatzen ere ez gara saiatu, urduri samar gurutzeraino igotzen ari garelarik aldapan gora ufaka doazen 4 x 4 ibilgailuetan. Gidariek imintziorik ere ez, ezta azken txanpari atzerako martxan ekin diotenean ere, maniobra esplikaezin batekin. Gurutzetik ikus daitezke Ushba mendiaren bi adarrak (4.710 eta 4.690 m), hain zuzen, gailur garaienean ireki zuten joan den udan “Matsoni” bidea Denis Urubko eta Pipi Cardell eskalatzaileek, ipar-mendebaldetik jorratutako ekinaldi zirraragarrian, izotz eta haitz puskak erorrarazten zituen erauntsi betean bi bibak eginda.

Ushbarako norabidea hartuta, Koruldi aintziren artean oinez joan gara, eta bat-batean, ustekabean harrapatu gaituen aldapa baten ostean, taupadak ohikoa baino gehiago apaltzen hasi, isiltasuna dena irensten, begirada galtzen eta kolore azalezinez margotutako lakuak Ushbako gailur handiak islatzen hasi dira, Tetnuldi, Leila mendilerroa... den-denak pilatzen dira, gure kameraren enkoadrean sartu nahiko balute bezala, laku txikietako ur azalean ispilaturik. Bide bat azken lakuaren eskuinaldetik auskalo nora doan, baina nahikoa da lehen jaitsierara iristerakoan atzera begiratzea, eseri eta parez pare zabaldutako edertasun basa honen irudia arnastea. Oinez egin beharrean, Hatsvali teleferikoaren aukera ere hor dago, eta gainera, baten bati taberna jartzea otu zitzaion, gainerako guztion mesedetan.

Ushguli-Shkhara glaziarra trekkinga: Mihi izoztua

Distantzia: 16 km.

Altitude gorena: 2.430 m.

Altitude txikiena: 2.122 m.

Desnibel positiboa: 540 m.

Desnibel negatiboa: 540 m.

Ibilbide mota: Zirkularra.

Zailtasuna: Ertaina.

Mestiatik abiatuta, hiru ordu eman ditugu errepidean eta Ushgullera iritsi gara, Europa osoan altitude handienean kokatutako biztanledun herrixka... tira, harik eta duela gutxi herrialdearen mendebaldeko batzuek hura baino metro batzuk goraxeago bizitzea erabaki zuten arte. Bidean «iparra galdu» dugu tarteka-marteka, Nakipari, Vichnashi edo Kala herrietako eliza ederrak bisitatzeko, bene-benetako museoak baitira, XI. mendeko freskoak eta ondo gordetako altxorrak dituzte. Ondo zaindutako leku hauetan gordetzen omen zen Kolkidako urre ospetsua edo urrezko ardi larru mitikoa.

Ushgulin, harrizko hiru dorre zipriztintzen ditu Enguri ibaiaren ibilguak. Bertako bost herrixketako batek Unescoren ondare izendapena dauka 1996tik, eta hori albiste ona da, nahiz eta kontraste bizi samarra dagoen ondoko herrixkako dorreen irudiarekin, horiek ere zortzi mendetik gorako antzinatasuna baitute eta halere erortzeko zorian daude. Hirurogeita hamar familiak pasatzen dute hemengo negu gorria, 2.100 metrora. Lamaria eliza, herriaren goialdean, Shkhara glaziarrera abiatzeko irteera puntua da. 5.193 metroko mendilerro zuria herritik bertatik ikusten dugu, eta burua mugitzen dugun bakoitzean desagertu eta berriro agertzen da laino artean.

Trekking honetan Enguri ibaian gora egin dugu, baita bera zenbait aldiz  gurutzatu ere, bera edo bere adarretako bat. Gainerakoan, txango erraza da, baina ez laburra, ia-ia hiru ordu behar baitira ibarraren amaieraraino. Hantxe egunero altxatuz doa egunen batean gaur egungo karpa ordezkatuko duen tabernaren zati ia atzemanezin bat, UN (NBE) siglak ikusgai dituen karpa, eraikuntza astiro joango zela aurreikusten jakin zuen eta behin hona iritsita aurrerantz jarraitu ezin duten 4x4 ibilgailuetako bezeroak aprobetxatu nahi izan zituen norbaitek jarritakoa.

Azken orduan, bidea zatitu egiten da, estutu, malkartu eta saturatu haitz solte deserosoaren ondorioz. Ura bere emarian doa harritza artean, Shkhara glaziarraren muino itzelak eta bere bederatzi tontorrek gure begirada harrapatzen dute etengabe eta gure orkatilek gorriak ikusi dituzte, alajaina. Uraren murmurioa ozentzen doa pixkaka-pixkaka eta burrundara bihurtzen da glaziarraren aho urdinkara handira gerturatuz goazen neurrian. Zuloaren gainean, izotzezko horma handitu egin dela dirudi. Glaziarrean zenbat denbora emango dugun ondo kalkulatu behar da, zeren eta itzulerak ezustekoak ekar ditzake, errekak gainezka jaisten direlako lurmentzean, are gehiago, euria egiten duenean.

Honi buruzko guztia: Mendibide