Juan Luis Mugertza Unanue
Elur hontza Peñas lurmuturrean ikusi zuten Juan Luis Mugertzak eta Edurnek. (JUAN LUIS MUGERTZA UNANUE)
Elur hontza Peñas lurmuturrean ikusi zuten Juan Luis Mugertzak eta Edurnek. (JUAN LUIS MUGERTZA UNANUE)

Ezusteko bisitaria Asturiaseko kostan: elur hontza

Asteartean irakurri genuen ‘Berria’ egunkarian elur hontzena. Dirudienez, hiru ikusi zituzten, baina Kantabrian aurkitutakoa oso ahul omen zegoen eta hil egin zen. Beste biak, bata arra, bestea emea, Asturiasen omen zeuden, Gozon udalerrian edo. Bihotzak bultzatuta, ‘joango gara?’, esan nion Edurneri. Izan ere, momentuan jabetu nintzen: Joan, nora baina? Horretarako, informazio zehatza behar, eta guk ez genuen inolako kontakturik, ezta laguntzarik ere. Bai?, haraino joan… Neuk ere ez nuen oso garbi ikusten 292 kilometroko bidea egitea, baina joan ezean…, gainera, darraionarentzat da ehiza, eta hori sinetsita…

Lehenengo eta behin, eguraldiari erreparatu genion. Gero, ostatuarena topatzen saiatu ginen lekurik egokiena zein izan zitekeen gora eta behera txakurra garitan bezala ez ibiltzeko. Moniello hondartzaren inguruan ikusi zuten, eta Peñas lurmuturrean. Hori larunbata eta igandean. Ez astelehenean, ez asteartean, txori arrastorik ez zuten izan, eta guk astearte arratsaldean ospa egin nahi genuen, asteazkenean, goizean goizetik bazterrak arakatzeko. Eta horrelaxe joan ginen Luancora, tundrako eremu oso hotzetan, muturreko izotz eta elur baldintzetan, eta gizakirik ez dagoen toki basatietan bizi den elur hontza (Bubo scandiacus) bilatzera. Halarik ere, ez genuen fede handirik izan iberiar penintsulan inoiz ikusi ez den espezie hori ikusteko.

Izan ere, agertzen diren bezala, desagertu egiten dira. Etxera bueltatzeko milaka kilometro egin behar, eta ez dago jakiterik iritsiko diren, edo bidean hilko diren. Hemen beren bizilekutik at daude, galduta, herri minak jota, eta gugandik gertuen atzemandakoa, Frantzian 2014an, Re uhartean ikusi zuten.

Argazkia: JUAN LUIS MUGERTZA UNANUE

Ohera joan aurretik, sare sozialetan hontzen arrastoak topatzen saiatu ginen, baina… ez genuen begirik bildu. Ezin izan genuen burutik kendu Asia, Amerika eta Europako iparraldean bizi den, urre begiak, hirurogei zentimetro altu, eta metro eta erdi zabal dituen, neguan migrazio laburra egiten duen eta Harry Potterren sagan agertu zenetik horren ospetsua den elur hontza maitagarria. Ipar Amerikan hontz artikoa esaten zaio, eta arrak ia osorik zuriak dira, emeek luma beltz zatiak dituzten bitartean. Gazteak direnean pikartak dira, zuri bilakatzen diren arte helduak izatean.

Oraindik ez omen dago jakiterik nola heldu diren Asturiasera. Dirudienez, batzuetan, barkuak (ship assistant migration) erabiltzen dituzte atsedena hartzeko, eta inoiz bertan gelditzen dira pasaiarien bidaiaren zati bat gauzatzeko. Hori omen da hipotesi nagusia. Dena den, teknika berritzaile baten bidez (lumen isotopoen azterketa), aukera omen dago jakiteko Kantabrian hildako hontzak non eta zer jan duen, eta horrek bere jatorria jakiten lagunduko du. 

Argazkia: JUAN LUIS MUGERTZA UNANUE

Kruasana eztarrian genuela irten ginen ostatutik. Sakeleko telefonoan erreferentzia sartu, eta aukera asko buruan, Bañugues hondartzara abiatu ginen. Di-da batean, hondartza bazterrean pilatutako antxeta mokogorriei eta kaio hankahoriei erreparatutakoan, alde egin genuen, baten bat gure zain edukiko bagenu bezala. Zalantzatan izan ginen lehenago Verdicio hondartza joan edo…, han ikusi baitzuten azken aldiz ar gaztea bi egun lehenago, baina, senak bultzatuta, Peñas lurmuturrera abiatu ginen.

Edurnek, behin baino gehiagotan, polikiago joateko esaten zidan: etxe bateko teilatuetan egon daiteke. Urduri geunden, oso. Azkenean, ordu laurden bat egin ostean, hantxe genuen itsasargia gure aurrean. Aparkalekuan autoa utzi, tramankulu guztiak hartu (argazki-makina, prismatikoak…), eta itsasoaren zabalerak eta labarrek ongi etorria eman ziguten. Bakar bakarrik geunden, eta mamuak ikusten. Non egongo ote dira gure moduko zoro horiek? Inor ez badago, seinale txarra. Nora egin? Ezkerretara, eskumatara? ‘Hemen ez dugu hontzik ikusiko’, nik Edurneri. Baina hemen gaudela aprobetxatu egingo dugu; hau ez da leku txarra izango pelagikoak ikusteko. Ea gabairik edo zangarik ikusten dugun. Mintzagai bakarra txoriak, baina ametsa elur hontza. 

Kataloxek behin eta berriro egiten zuten begietara, baina txilar-otea baino ez zuten aurkitzen. Baina… halako batean, ezin sinetsirik, hantxe genuen gugandik nahiko gertu, patxada ederrean, inoiz guri begira, inoiz beste nonbaitera, sekula ahaztuko ez dugun ezker oneko txori eder gazte eme ikaragarria. 

Argazkia: JUAN LUIS MUGERTZA UNANUE

Itxura denez, beste batzuk gu baino lehenago izan ziren parajea arakatzen, baina aurkitu ez eta arrapataka egin zuten alde Gijonera, baten batek hontz zuri bat bertako portuan zegoela zabaldu zuelako sare sozialetan. Itxura denez, Gijoneko hontz arra sarbidea debekaturik duen portuko gunean zegoen, urrutiegi argazkiak egiteko. Ordubete baino gehiago izan ginen gure artikoko lagunaz goxatzen, bakar bakarrik, neskatxo bat saltaka etorri eta handik ordu erdira berarekin batera jende andana ekarri arte.

Handik aurrera bizi izandakoa penagarria izan zen: ehun lagun baino gehiago, nork baino nork argazkirik onena atera nahian, askotan gutxieneko distantzia gorde gabe, eta hontz eme gaztea gero eta ikaratuago. Sentsazio gazi-gezarekin alde egin genuen, telebistako kazetari batzuek nola aurkitu genuen galdetu eta gero. Halarik ere, sinetsi nahi dugu esker oneko txori maitagarri honek erakutsitakoak balio izango duela natura gehiago maitatzeko, eta zaintzeko. 

Jendetza bildu zen azkenean elur hontzari argazkiak atera nahian. (JUAN LUIS MUGERTZA UNANUE)