Juan Luis Mugertza (Argazkiak: J.M. eta Getty)
Elur-oreina.
Getty Images
Elur-oreina.

Varanger penintsula: samiak, hegaztiak eta elur-oreinak

Varanger penintsula (norvegieraz Varangerhalvoya eta iparraldeko samien hizkuntzan Varnjarga) Norvegiako ipar-ekialdeko muturrean dago, Zirkulu polar artikotik 300 bat kilometrotara. Vadso, Batsfjord, Berlevag eta Vardo udalerriak hartzen ditu, baita Tana eta Nesseby-ren lurraldeen zatiak ere.

Eguraldi ezatsegina dela eta, oso jende gutxi bizi da paraje hauetan. Penintsula osoan 15.000 pertsona inguru bizi dira, 7 bizilagun kilometroko, eta gehienak turismoan, arrantzan eta elur-oreinen abeltzaintzan aritzen dira (azken lanbide bi hauetan, bereziki, samiak).

Samiak, gaur egun, Norvegia, Suedia eta Finlandiako iparraldean bizi dira, baita Errusiako Kola penintsulan ere. Datu zehatzik egon ez arren, guztira 80.000 bat lagun direla kalkulatzen da. Dirudienez, sami kopururik handiena Norvegian bizi da, gehienak Varanger penintsula barne hartzen duen Finnmark probintzian. Samiek Norvegian gobernuaren laguntza jasotzen dute, haien kulturaren eta gizartearen iraupena ziurtatzeko: hizkuntzak bultzatu, elur-oreinentzat bazka-larreak gorde, parke nazionalen kudeaketa... Hizkuntza galtzeko arriskua badute ere, gizatalde hau betidanik mintzatu izan da samieraz. Belaunaldiz belaunaldi ahaleginak egin dituzte haien ohiturei eusteko, baina inor ez omen da sasoi batean bezala bizi izaten.

Tenperaturak oso hotzak dira, muturrekoak askotan. Guk, joandako sasoian (apirila), 6 gradu zero azpitik izan dugu behin baino gehiagotan. Halarik ere, euri oso gutxi egiten du; horregatik ez dago landare askorik. Penintsulako 1.804 km2 Varangerhalvoya parke nazionalak hartzen ditu, eta kosta oso leku egokia da itsasoko hegazti preziatuak ikusteko. Europako eider txikien populazioaren %80-90ek (8.000-15.000ek) Varangerfjord fiordoan eman ohi dute negua. Bestelako hegazti negutarrak honako hauek ere badira: errege-eiderrak, eider-arruntak eta izotz-ahateak. Migrazio sasoian, kosta bazterretan eta hezegunetan, oso ohikoak dira txirri txikiak, Temminck txirriak, eta mendebal-txori mokomeheak. Tundran, marikoi isatslaburrek, isatsluzeek eta isatsbihurrek egiten dute kabia udaberritik aurrera, eta hegazti egoiliarren artean itsas arrano buztanzuriak eta lagopodoak (lagopodo zuria eta eskandinaviarra) aipatu behar ditugu.

Hegaztiak behatzeko lekuak Varanger penintsulan

Batsfjord. 2.270 laguneko herri arrantzale bat da. Finnmarkeko konderriko porturik handienetakoa da. Urtarriletik apirila arte errege-eiderrak bertatik bertara ikusteko parada handia dago, kaian ur azalean jarritako egurrezko etxola moduko ezkutalekuek sekulako aukera ematen baitute hegaztiei argazkiak egiteko. Inguruan, tundrara hurbiltzen diren bideak ere oso toki onak dira lagopodoak, paparurdinak, txirri lepokodunak eta marikoiak ikusteko, besteak beste.

Berlevag. Merezi du Batsfjordetik Berlevagera joateko, penintsulako iparraldetik 90 km-ko bidea egitea. Berlevag herrian bertan, adibidez, Europako hegoaldean gutxitan ikusten diren ipar-kaioak eta kaio hegalzuriak antzeman ditzakegu, baita errege-eiderrak ere kaian. Herri honetara heldu baino lehenago, badaude bi leku ezin hobeak hainbat espezieren migrazioa ikusteko, batez ere, apirilean eta maiatzean: Kjolnes itsasargia eta Kongsfjordeko Vednes penintsula. Azken honen labarretan, gainera, ipar-belatzak egin ohi du kabia.

Hala ere, kontuz ibili behar da bi leku hauetara joateko, errepidean elur handia egon daitekeelako udaberriaren bukaera arte. Gainera, ohikoak izaten dira ekaitz oso bortitzak. Guk,behin baino gehiagotan gelditu behar izan genuen autoa bide bazterrean bisutsak itsuturik.

Iparraldeko paraje hauetaz aparte, Varangereko hego-ekialdean badago zer arakatu. Hegotik iparrera, hauek dira gomendatutako leku batzuk: Varangerbotneko marearteko lautadak leku bikainak dira limikolak eta itsas-arranoak ehizean ikusteko. Bertan, Varanger Samiske museo samia bisitatzeko posibilitatea ere badago. Varangerbotnetik 13 kilometrotara Nesseby dago. Oso herri txikia da, penintsula batean kokatuta, eta fiordo batean sartuta. Hego muturrean dagoen eliza zuria Varangereko ikonoa da, eta horren atzean dagoen laku txikian mendebal-txori mokomeheak egon ohi dira ekainetik aurrera. Gure lehenengo zingira-hontza ere, han topatu genuen.

Vadso. Varangereko hiririk handiena da. Neguan eta udaberriaren hasieran, bertako portua lekurik onena da eider txikiak ikusteko. Horretarako propio, Tormod Amundsen arkitektoak diseinaturiko ezkutaleku bat eraiki dute kaiaren mutur batean. Natura eta arkitektura uztarturik, Vardon bizi den arkitekto eta ornitologo honek beste hainbat begiratoki ere egin izan ditu penintsulako zenbait lekutan. Vadsoko zubia gurutzatzean Vadsoya irlara heltzen zara, eta hau ere oso leku ona uda partean txirri arruntak, txirri txikiak, Temminck txirriak, txirta lepagorriak, ipar-berdantzak…. ikusi ahal izateko.

Ekkeroy. Varangereko herri arrantzalerik zaharrena da. Herria kontinenteari istmo baten bidez lotuta dagoen irla bat da, eta 7 kilometroko ibilbide ederra du paseoan ibiltzeko, non labarrek zenbait lekutan 50 metroko altura hartzen duten. Labar hauek Varangereko antxeta hankabeltzen koloniarik handiena dute, eta ipar-belatza antxeten txitak ehizatzen behatzeko aukera paregabea ematen dute.

Vardo. Irla txiki bat da, eta bertara heltzeko 3 km luze duen itsaspeko tunel bat zeharkatu behar da. Tunela baino lehenago aireportua eta Svartneseko kaia daude. Gezurra badirudi ere, aireportuaren inguruan zingira-hontzak eta lagopodo eskandinaviarrak nahiko ohikoak dira. Vardotik Hamninbergera doan errepidea (43 km) Norvegiako politena ei da. Hori bai, kontuz ibili behar, oso estua baita. Gainera, komeni galdetzea ea zabalik dagoen, elurra dela eta itxita egon ohi delako batzuetan maiatzaren erdia arte.

Hornoya irla. Vardo udalerrian Barents itsasoan kokatutako uharte txikia da. Inor ez da bizi, eta eraikuntza bakarrak egurrezko moila txiki bat eta itsasargia dira (itsas mailatik 65 metrora). Bertara joateko, egunero (martxoren 1etik, irailaren 1era arte), itsasontzia dago Vardotik, eta hiru ordu egin ditzakezu irlan. Itsasargian gaua pasatzeko aukera ere badago. Bertan, 150.000 mila itsas hegazti daude. Irla honetan hegaztiengandik metro gutxira ibiltzea, eta haien karrankak entzutea, espektakulu ikaragarria da, eta zer esanik ez, gorteatze sasoian, bikotea edota kabi leku ona topatzeagatik haien arteko borroken lekuko izatea. Labarretan zuri begira izango dituzu martin arruntak, martin hegalzuriak, pottorroak, lanperna-musuak eta ipar-martinak, kaio mota desberdin batzuekin batera. Ugalketa sasoian itsas arranoak eta ipar-belatzak hurbiltzen dira irlara ehizatzera. Erroiak eta kaio beltzak ere ahalegintzen dira kumeei kolpe egiten.

Hornoyako hegaztirik ugariena martin arrunta da. Lurrean baldarra bada ere, eta ez oso dotorea hegan, trebea da ur azpian. Alabaina, ezin ahaztu uharteko protagonistarik handiena: ubarroi mottoduna. Espezie honetako 1.500 bat bikote ugaltzen dira labarraren beheko aldean. Ibilbideetatik oso gertu egoten dira, eta sekulako eztarriko hotsak egiten dituzte. Hala ere, zalantzarik gabe, txorizale gehienek bilatzen duten espeziea, ikusgarriena, eta zergatik ez esan, barregarriena, lanperna itxurako moko zabala duen lanperna-musua da. Txori hauek belarra dagoen labarretako zuloetan egiten dute kabia, eta bikote bakoitza bizi osorako parekatzen da. Negua itsasoan eman ostean, martxoan irlara bueltatu, eta bikotea aurreko urteko kabian batzen da. Hornoyan, hegaztiez gain, foka grisak, orkak, eta udan, inoiz, belugak ere suertatzen dira.Beraz, hitzak soberan daude natura bertatik bertara ikusi, eta bizi nahi izan nahi duen horrentzat. 

Behin hain urrutira heldu eta gero, pena handia litzateke Varangeretik hegoaldera eta Errusiako mugatik oso hurbil dagoen Sor Varanger izeneko lurraldea eta bertako Ovre Pasvik parke nazionala ez bisitatzea, autoz 2-3 ordutako distantziara baitago Varangerbotnetik. Han, parajea zeharo desberdina da, tundra beharrean, taiga baita, pinuz, lakuz, eta zingirez osatutako paisajea. 885 errepidean dauden Svanvik, Skogfoss, Vaggetem eta Nyrud herrixkak (azken hau Errusiako mugan bertan eta polizia-etxea dago) izaten dira arakatzeko lekurik onenak, eta Skrotnesen badago Pasvik ibaiari eta Errusiari so dagoen begiratokia.

Kontuan hartu behar da ekaina arte errepidetik irteten diren bideak eta xendazaletasuna egiteko baso bideak itxita egon ohi direla. Basoilar liren eta basoilar arrunten erreinua da, eta errekan eta lakuetan aliotak, zerrak eta ahateak egon arren, oso bestelako txoriak izaten dira ornitologoen helburuak: eskinoso siberiarra, Laponiako kaskabeltza, eta, nola ez, artikoko hontzak. Bertan ikusi genituen guk gure bizitzan lehenengo aldiz Laponiako urubia eta hontz gabiraia. Ugaztunetan aipa genitzake hartz arrea, otso grisa, ipar-katamotza eta altzea.

Honi buruzko guztia: Check-in