Hasiera ezin okerragoa izan du WSL zirkuituko denboraldiak

Urtebeteko etenaldiaren ostean, Hawaiin hasi ziren nesken zein mutilen lehen mailako WSL lehiaketak, baina une honetan bi lehiaketak etenaldian dira, marrazoen erasoengatik eta covid-19 kasuengatik.

Urtebeteko etenaldiaren ostean ezin okerrago hasi da WSLko zirkuitua.
Urtebeteko etenaldiaren ostean ezin okerrago hasi da WSLko zirkuitua.

Urtebeteko etenaldiaren ostean ezin okerrago hasi da WSLko zirkuitua. Maui uhartean egiten ari diren nesken txapelketa eten behar izan zuten marrazo eraso baten ostean. Oahun, ostera, mutilen Pipeline Masters txapelketa ere etenaldian da WSL erakundeko kideen artean covid-19 kasuak atzeman ostean.

Horrez gain, nesken zein mutilen txapelketak egin diren egunetan olatuak txikiak izan dira, eta ondorioz, ikuskizuna ere halakoa izan da. Ikusleak lehiaketak ikusteko inoiz baino gogotsuago zeuden unean etorri da lehiaketen etenaldia. Ezinegona handia da zaleen artean, guztia bide onean zihoala zirudien unean aurtengo zirkuitua gauzatzeko izango diren zailtasunak agerian geratu baitira.

Marrazoak Mauin

Abenduaren 4an hasi zen Hawaiiko Maui uhartean nesken lehen mailako 2021. urteko itzulia. Itsaski egoki baten zain egun pare bat igaro ostean, metro bateko olatu politekin hasi zen lehiaketa Honolua badiako eskuin olatu ederrean. Lehiakideek sekulako sasoia dutela erakutsi zuten, baina olatuen tamaina apur bat txikia zen urautsi horretan eskaini ohi duten ikuskizuna emateko.

Edonola ere, lehiaketa bide onean zihoan, txandak aurrera zihoazen eta surflariak maila handia erakusten ari ziren. Abenduaren 9an, ordea, txapelketari hasiera eman aitzin lehiaketa eremuan surf egiten ari zen 56 urteko surflari bati eraso egin zion marrazo batek eta antolatzaileek txapelketa etetea erabaki zuten.

Biharamunean Mauiko ospitalean zen surflaria zendu egin zen eta WSLko bozeramaileek nesken munduko txapelketa lekualdatzeko erabakiaren berri eman zuten. Astebete lehenago uharte berean 35 urteko surflari kaliforniar batek ere zauri larriak ukan zituen bular aldean, olatu artean zebilela marrazo batek eraso eginda.

Gauzak horrela, nesken munduko txapelketa etenaldian da eta antolatzaileek oraindik ez dute jakinarazi txapelketa non eta noiz amaituko den. Hasiera batean, itzuliko lehen lehiaketa honen itxaronaldi epea abenduaren 4 eta 15 artekoa zen; beraz, oraindik txapelketa amaitzeko aukera irekia da, lehiaketa amaitzeko soilik lau txanda falta baitira.

Final-laurdenetako txanda bat, finalerdiak eta finala bakarrik falta dira egiteko Maui Pro lehiaketan. Gauzak horrela, laugarren lehiakidearen faltan, jada finalerdietan diren hiru surflariak honako hauek dira: Tyler Wright eta Sally Fitzgibbons australiarrak, eta Carissa Moore hawaiiarra.

Pipeline Masters airean

Lehen mailako munduko zirkuituan egin ohi den lehiaketa ospetsuena etenaldian da eta berau amaitzeko baldintzak izango diren bermatzerik ez dago. Mutilen lehen mailako zirkuituko lehenengo txapelketa langile batzuek covid-19 probetan positibo eman ostean etorri da. Kutsatuen artean Eric Logan dago, egungo WSLko lehendakaria.

WSLko osasun protokoloaren arabera, covid-19ko probetan positibo ematen duen edonork itxialdian egon behar du, kontaktuen arakatze protokoloa bururaino eraman arte. Ondorioz, kutsatuen miaketek iraun artean itxialdian dira guztiak, nahiz eta WSL erakundearen iritziz lehiakideen artean ez den kutsaturik; halere, ohartarazi dutenez, «protokoloa bere osotasunean gauzatu beharko da».

Uneotan Hawaiiko segurtasun departamentuarekin harremanetan dira WSLko arduradunak, jarraitu beharreko bidea zein den zehazteko.

Orain arte egin dituzten txandetan ikusi denez, WSL erakundeak Hawaiiko Gobernuak ezarritako osasun neurriak zorrotz bete ditu. Kirolarien arteko distantziak, langileen artekoak, ikuslerik gabeko lehiaketa eta abar. Orain guztiak protokoloak eskatzen dituen urratsak egiten ari dira, hala nola testak egiten, gorputzaren tenperatura neurtzen eta antzekoak; beraz, itxaron egin beharko da txapelketa amaitzeko baldintzak badauden jakiteko.

Frustrazioa

Pipeline Masters lehiaketak iraun duen artean olatuak ez dira itzelezkoak izan; bi metroko olatuak izan dira, baina ikusleen ikusmin gosea apur bat baretzeko balio izan dute. Urte baten ostean surflariak sasoian dauden ikusteko ere balio izan du. Aldiz, itsaski handiagoak espero zirenean eta zaleen artean ikusmina handitzen ari zen unean etorri da etenaldia eta, sare sozialetan irakur daitezkeen iruzkinek azaleratzen duten moduan, sekulako frustrazioa hedatu da zaleen artean.

Hala eta guztiz ere, lehen mailako lehiakideak aspaldiko partez ikusteko balio izan du orain artekoak. Batzuk babesle berriekin itzuli dira, besteak taula desberdinekin, besteek itxura aldatu dute, ile luzeago edo motzagoarekin, baina benetan edozein ikusleren atentzioa ematen zuen irudia, lehiakideez harago, Pipelineko hondartzan zegoen, huts-hutsik baitzegoen.

Normalean surflariek itsasoratzeko zeharkatu behar izaten duten hondartza zatian ez zen jende olderik. Lehiakideek beren likra hartzen zuten unean musukoa kentzen zuten eta patxadan zeharkatzen zuten ikuslez lepo izaten den hondartzako eremua.

Aurtengo Pipeline Masters lehiaketan 50. urteurrena ospatzen da, baina badirudi gauzak ez direla nahi bezala atera. Lehiaketa honetan parte hartzeko aurrez bigarren mailako lehiakideen artean egin ohi den Trials txapelketan, ordea, sekulako olatuak izan ziren eta ikuskizun ederra izan zen. Joshua Moniz hawaiiar gazteak irabazi zuen lehiaketa eta, lortutako emaitzari esker, Miguel Tudela Peruko surflariarekin batera Pipeline Masters txapelketan lehiatzeko gonbidapen wildcarda eskuratu zuen.

Pipelineko lehiaketa egiteko itxaronaldi epea abenduaren 8 eta 20 artekoa da; beraz, oraindik bada denbora egoera bideratzeko, baina une honetan ez dago ziurtatzerik hori posible izango den eta txapelketa amaitu ahal izango den. WSLren berrien zain geratzea beste aukerarik ez da une honetan. Ikusmina gero eta handiagoa da.