NAIZ

‘Zulo bat gehiago’ kantuaren bideoklipa aurkeztu du Liher taldeak

‘Hemen herensugeak daude’ diskoaren bigarren singlea da ‘Zulo bat gehiago’, Liher taldearen bideoklip berria. Emakumearen kontrako biolentzia da diskoa ardatzen duen gaia.

Liher talde gipuzkoarrak ‘Zulo bat gehiago’, iaz argitaratu zuen ‘Hemen herensugeak daude’ diskoko bigarren singlearen bideoklipa argitaratu berri du. Kantuan, disko osoan bezala, emakumeen aurkako erasoez eta matxismoaz dihardute taldekideek, biolentzia horrek izan ditzakeen ondorioak ere aztertuz.

Diskoaren aurkezpenean taldekideek beraiek azaldu zuten bezala, «genero indarkeria da gaia, inguratzen gaituen gaia da, baina latza, eta kontatzeko beharra ikusi dugu». Eta diskoko hamalau kantuetan «neskari hilekoa jaisten zaion unetik, kartzelan bukatzen duen arteko guztiari kantatzen diogu. Letrak idazteko orduan benetako motibazio bat izan dugu, aurreko diskoetan ez genuena, istorio bat kontatzen ari ginelako», nabarmendu zuten.

Diskoa grabatzen ari zirela, prozesuan zehar bizitzen ari zirenaren berri ere eman zuten, egunez egun, NAIZekin partekatu zuten egunerokoan.

Diskoa, Santi Garciak eta Borja Perezek Sant Feliú de Guixols-eko Cal Pau eta Ultramarinos Costa Brava estudioetan grabatu eta nahastua, 2020ko otsailean argitaratu zuten baina pandemiaren ondorioz aurkezpen bira bertan behera utzi behar izan zuten. Hala ere, azken hilabeteetan taldeak lanean jarraitu du, zenbait kontzertu eskainiz, eta datozen hilabeteetarako data berriak ere iragarri ditu.

Datozen egunetan Zumaian (Zumaiena, urtarrilak 22), Lezon (Gezala, urtarrilak 28), Gernikan (Iparragirre, urtarrilak 30) eta Bilbon (Santana27, otsailak 5) izango dira.