NAIZ

Zetak, Gatibu eta Olatz Salvador Finlandiako «Bite Basque Beat» jaialdian izango dira irailean

Finlandiako Tampere hiria ‘Bite Basque Beat’ euskal musika jaialdiaren egoitza izango da irailaren 1 eta 2an. Zetak, Gatibu eta Olatz Salvadorrek emango dute kontzertua, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.

Olatz Salvador, Eibarren emandako kontzertu batean. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Olatz Salvador, Eibarren emandako kontzertu batean. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Zetak, Gatibu eta Olatz Salvador Finlandiako `Bite Basque Beat´ jaialdian izango dira irailaren 1 eta 2an. Festibal berri bat da, 2013an sortutako Tamperrada lehiaketa gastronomikotik sortua eta haren parte izango dena. Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin, helburu argia du Tamperradak: «Euskal kultura eta gastronomia Finlandian sustatzea, beti ere bi kulturak trukatzeko eta elkarlanean aritzeko», adierazi du Basking Food & Culture proiektuko arduradun eta ekimenaren bultzatzaile Juanan Bilbaok. Mikka Reinikka euskal kulturaren editore gastronomikoak ere antolakuntzan parte hartu du.

Bestalde, Institutuko Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendari Imanol Otaegik`Bite Basque Beat´ jaialdia oso interesgarria dela adierazi du. Izan ere, euskal gastronomia famatuari esker lurraldeko musika Finlandiara sartuko da. Gainera, Etxepare Euskal Institutuaren helburuetako bat beteko da, hau da, euskal sortzaile eta artisten presentzia nazioartean sustatzea eta bermatzea.

Ordubeteko kontzertu bana, formatu akustikoan

Jaialdia irailaren 1ean hasiko da. Zetak, Gatibu eta Olatz Salvadorrek ordubeteko kontzertu bana emango dute formatu akustikoan Tampereko agertoki desberdinetan. Hurrengo egunean, G Livelab aretoan izango dira hiru kontzertuak. Antolatzaileek aretoa bete egingo dela aurreratu dute, betiere Finlandian covid-19aren aurreko babes neurriak errespetatuta.

Finlandia eta Euskal Herriaren arteko konexioa Helsinkiko Unibertsitatean ere sumatzen da. Etxepare Euskal Institutuaren sostenguarekin, Araitz Claramunt nafarrak euskara irakasten die 35 ikasle ingururi. Hauek oso aktiboak dira sare sozialetan, eta euskal kulturarekin erlazioa duten ekintza eta ekimenetan parte hartzen dute. Adibidez, ekainean egin zen Gasteizko HIGA Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketan hirugarren saria irabazi zuten `Erabili euskera, kontxo!´ bideoarekin.