Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

‘Ura bere bidean’, euskal musikaren orkestra-bertsioa errealitate birtualean

Pandemiaren une latzenean Bizkaian ‘kozinatzen’ hasi zen ‘Ura bere bidean’ proiektuaren lehen urratsa eman da asteazken honetan, irailaren 1ean, 360º-tan grabatutako bideo-piezak sarean eskuratzeko aukera martxan jarri delako. Proiektu berritzaile honek bi kontzertuez osatuko da.

Parte hartu duten musikariak, El Drogas eta Aitor Gorosabel tartean, 3D betaurrekoekin. (FAIR SATURDAY FOUNDATION)
Parte hartu duten musikariak, El Drogas eta Aitor Gorosabel tartean, 3D betaurrekoekin. (FAIR SATURDAY FOUNDATION)

Zuzeneko musikarentzat garai zailak suertatzen ari dira eta, epe labur edo ertainera, ez dirudi gauzak erabat aldatuko direnik. Baina, Jordi Albaredaren aburuz, «kulturak etorkizunera begiratu behar du eta, zuzenekoak baztertu gabe, ikusleriarengana iristeko bide berriak bilatu behar ditugu». Albareda irabazi asmorik gabeko Fair Saturday fundazioko zuzendaria da, Bilbon 2015ean sortutako erakundea, kultura eta arte ekitaldiak bultzatzea xede duena. Fundazioa da ‘Ura bere bidean’ proiektuaren bultzatzailea.

Proiektu honetarako hainbat erakunde, Bizkaiko Diputazioa tartean, eta Laboral kutxaren babesa lortu dute pandemiaren une latzenean grabatutako disko digitala osatzeko. Bertan Gatibu, Zea Mays, El Drogas, La Oreja de Van Gogh, Hertzainak, Su Ta Gar, Doctor Deseo, Mikel Urdangarin, En Tol Sarmiento, Olatz Salvador, Huntza, Sua, Mäbu edo Idoia bezalako artistek, hamalau guztira, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Elkarteak lagunduta, 70eko hamarkadako abestien orkestra-bertsioak grabatu dituzte, Fernando Velazquezek konposatuak.

Pier Paul Bertzaitzen kantak aukeratu dituzte, Lourdes Iriondorenak, Erramun Martikorena, Mikel Laboa, Itoiz, Benito Lertxundi, Xabier Lete...

Guztira hamalau kanta grabatu dituzte, modu desberdinetan eskuratu ahal izango direnak. Esaterako, gaurko aurkezpenean Euskalduna jauregian geundenok entzun eta ikusi ahal izan dugu, lehen aldiz, errealitate birtualean grabatutako kanten aurrerapena.

Bitxia oso, betaurrekoak jartzean agertokiaren erdian ikusten baituzu zure burua; Fernando Velazquez, orkestra-zuzendari lanetan, aurrez aurre dago; atzean, antzokia hutsik eta, burua mugitzean –literalki, burua eta lepoa mugitu behar dituzu, batzuetan ez oso modu erosoan, egia esan–, kantariak eta orkestra ikus ditzakezu, bertan egongo bazina bezala.

Hauxe 360º teknologiaren grabatutako ‘esperimentu’ guztiz aurreratzailea omen da, Europan egin den mota honetako lehena, alegia. Honekin esperimentu pilotu bat jarriko da martxan, 25 pertsonako talde txikietan errealitate birtualeko betaurrekoekin frogatu ahal dezaten. Bilboko Kale Nagusiko Yimbi Sotaren aretoan egingo da eta sarrera bakoitzak 10 euroko prezioa izango du. Irailaren 5ean jarriko dituzte salgai fstickets.org plataforman.

Era berean, irailaren 1etik aurrera eta www.fsnext.org plataforman eskuragarri dago disko digitalaren harpidetza egiteko aukera (7 eurokoa). Astean behin bideo kanta bat estreinatuko da eta irabazien %90a artistentzat izango dira, plataforma honetan egiten den legez.

Azkenik, eta osasun-baldintzak uzten duten bitartean, proiektuan parte hartu duten artista guztiak abenduaren 10ean eta 11ean elkartuko dira Bilbao Arenan bi kontzertu eskaintzeko. Sarrerak (diskoko harpidetza digitala barne) 27 eurotik aurrera jarriko dira salgai.

Lete rokeroa eta El Drogas, zuzeneko gehiago prestatzen

Xabier Leteren ‘Ni naiz’ kantatu du Francis Doctor Deseo, orkestrak lagunduta. Lete rockero bat, galtzari bat izterrean jarrita, Francisek egiten ohi duen bezala. Leterena, «burmuina aldatzen dizun letra da, existentziala, basatia». Bilbotar kantariak, bestalde, eskertu nahi izan du mota honetako proiektuak, «martxan jarri zenean, ekaitz perfektu hartan  salbamendu-jaka bat bezala izan zen guretzat, kreatiboki eta baita ekonomiaren ikuspegitik. Hauxe, pandemiako urte t'erdian izan dudan unerik hunkigarriena izan da», aipatu du.

Enrique Villareal, El Drogasek, ‘Zumezko lokarriak’ bere kantaren euskal bertsioa egin du. Alabak euskara ekarri dio, gainera, ‘Cordones de mimbre’ kanta oinarriz gaztelaniaz idatzi baitzuen El Drogasek. Amaren gaixotasunaren eta Boniren heriotzaren harira idatzi zuen kanta hunkigarri hau. Urriari begira proiektua prestatzen ari El Drogas, NAIZi aurreratu dionez. Zuzenekoetara itzuliko da, antzokietarako pentsatutako zuzeneko batekin.